Udate
Aire Ahizpek kontzertua eskainiko dute gaur Bergaran
Nahiz eta orain dela ia hogei urte hasi ziren kantuan, Aire Ahizpak ezezagunak dira Hego Euskal Herriko entzule askorentzat. Urepelen jaioak eta Xalbadorren bilobak, hiru ahizpa hauek euskal kantu tradizionala jorratzen dute, Sebastien Desgrans soinujoleak lagundurik.
Alvaro HILARIO | UREPELE
Gaur, 22.ooetan, Aire Ahizpek, Sebastien Desgrans soinujoleak lagunduta, euskal kantu tradizionalean oinarritutako errezitaldia eskainiko dute Bergarako Espoloian.
Kontzertuak amaiera emango dio 2012ko Berumuga Bergarako udako musika gauen programari. Aurtengoa hamabigarren jaialdia izan da, eta aurreko asteetan beste lau talde entzuteko aukera izan zen.
Ipar Euskal Herrian aski ezagunak diren arren, ez da gauza bera gertatzen Hegoaldean. Diskorik ez grabatzeak zerikusirik izan lezake.
Urepeleko airetarrak
Miren, Amaia eta Paxkalinek osatzen dute taldea, Fernando Aire Xalbador bertsolariaren bilobek. Euskal kantagintza egiten dute ahozko tradizioa erabiliz. Urepelen jaioak, bertan bizi dira horietako bi eta bestea Itsasun. «Orain dela ia hogei urte hasi ginen kantatzen. Hasiera batean, polifonia egiten genuen, hau da, a capela eta hiru ahotsetan. Gero, ordea, musikariek lagunduta egiteari ekin genion -bi edo hiru musikarirekin-; orain, Sebastien Desgrans soinujolea dator gurekin», azaldu du Miren Airek.
«Horrelako batean kantaldi berezia prestatzeko esan ziguten. Bertan, euskaldunak Ameriketara joaten zirenen kantak jorratzen genituen hainbat musikarik lagunduta eta gustatu zitzaigun. Azken bolada honetan, lehen esan dudan bezala, soinujole bat daramagu gurekin», esan du Mirenek.
Errepertorioa euskal kanta herrikoiek osatzen dute: «Kantatzen ditugunak ez dira guk sortuak; Mikel Laboa, Lourdes Iriondo eta Xabier Leterenak dira, baita Xalbadorren bertso batzuk ere».
Diskoak grabatzea ez zaiela interesatzen onartu du Mirenek. Egin duten grabazio bakarra Canta u Pupulu Corsu taldearen «Rinvivisce» diskoan dago, Txato eta Peio Agorrodiren «Euskal Herria». «Gurera kantatzera etorri ziren batean ezagutu genuen elkar; izan ere, kantaldi berean egon ginen. Aurrerago, Korsikara joatea proposatu ziguten, elkarrekin aritzeko. Urteak pasa ahala, bueltatzeko esan ziguten, beren disko batean kanta bat grabatzeko. 2001. urtean izan zen hori», azaldu du Miren Airek.
Bergarako Espoloiak hartuko du, gaur gauean, Urepeletik etorritako aire berri hau.