GARA > Idatzia > Kultura

Irati JIMENEZ Idazlea

Ted

Family Guy» telesaila sortu zuen Seth Macfarlane filo-terroristaren zale bezala sartu nintzen «Ted» ikustera. Peluxe bizidunaren eta bere jabearen ipuina, sexu, rock and roll eta drogaz hornitua. «Toy Story» begirune gabea, Pixarren kokainazko alternatiba.

Lehertzekoa, generoaren espektatibak lehertu nahi dituen filma. «E.T.»-ren antzera protagonistaren bakardadea uxatzera dator «Ted», baina lagun magikoa umezarotik aldenduz, filmak komediarako gaitasunez beteriko abiapuntua lortzen du. Txistea ez da hasieran agortzen eta, gorabeherak gorabehera, gai da Seth McFarlane zuzendaria pelikula zein peluxea ganoraz josi eta buddy movie anti-zuzena egiteko (teddy movie?). Hibridazio-zaleentzako jostailu heldua arauaz trufatzen da, arauaren barruan. Iraultzaile baino errebeldeago da eta hortxe, akaso, bere zenbait ahultasunen jatorria eta liluragarria egin zitzaidan komedia-erromantikoarekiko jarrera. Izan ere, hemen ere bada mutila salbatu nahi duen emakume bat: hazteko eskatzen diona, konpromisoak hartzeko. Filmak arrazoia ematen dio maila batean, baina arauekiko joku horri esker ez erabat. Protagonistak bere erabakien erantzukizuna hartzen ikasten du, baina horrek ez du esan nahi aldatu eta rock and rollari edo lagun minari uko egin behar dionik.

Westernak, belikoak eta atzerakoiak izateko joera duten generoak maite ditut, komedia-erromantikoak barne. Azken hauek arriskutsuenak, desideologiaren itxuraz aurkezten diren fantasiak direlako. Peluxe bizarroak pausu txikia egin du fantasia horientzat ideologia alternatiboa sortzeko bidean, baina pausu bat, azken batean, generoei buruzko generora haize freskoa edo puzkar zaratatsuak ekartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo