Lander GARRO | Idazlea
Mina, ofizio
Duela gutxi elkarrizketa batean irakurri nion «bizitza pleno bat» bizi izanaren sentimendua daukala. Ongi entzun duzue. Esaldi batekin dena esateko gaitasuna da hori, zas!, bihotzera zuzenean. Zertarako gehiago esan, esaldi batean dena kabitzen bada? Estiloa da hori, neurria, eta sosegua
Iosu Uribetxebarria ezagutu nuen eguna akordatzen zait. Carabanchelgo kartzelan nengoen, isolamendu moduluko ziega batean. Ez zen edonolako ziega, lurpean baitzegoen, literalki lurpean. Leihora irteteko mahaiaren gainean zutik jarri behar nuen, eta handik patioko zorua ikusten nuen. Bitxia egin zitzaidan Iosuren agerpena. Nire leihoaren aurrean luzaketak egiten hasi zen, modu aski barregarrian (dena esan behar bada), eta ahopeka hitz egiten zidan. Ez nekien nirekin ari zenik, ezkutuan ari baitzen, eta ez nintzen esaten zuena entzutera heltzen. Ozen hitz egiteko eskatu nion, baina hark funtzionarioen garitari so egin zion, eta gero hatza ezpainetan jarri zuen.
Hitz egitea debekatua ze-goen.
Gero, lasaitzeko esan zidan, eta oinez aurrera segitu zuen. Itzuli osoa eman zion patioari, soinketa moduko bat eginez, tarteka korrika, besteetan jauzika, eta berriz nire leiho parean geratu zen, pittin bat gertuago oraingoan.
Ondo al hago? Jo haute?
Ondo nengoela esan nion, anaia beste ziega batean zegoela, hiru egun pasa genituela zipaioen esku, eta beharbada laster joango ginela kalera.
Zer edo zer jan duk? Galdetu zidan. Gizon prosaikoa.
Hala jardun genuen Iosuren patio orduak iraun bitartean. Ordu osoan dozena bat esaldi partekatu genituen, eta, hitz egiten ez genuenetan, neuk bere joan-etorriak zelatatzen nituen kasik kartzelan nengoela ahaztuta, hain suertatzen zitzaidan bakana eta nortasun berezikoa. Gizon hura egurrezko mahai handi batean imajinatzen nuen, argi txiki baten argipean, gazta eta ogi zati bana alboan; ez naiz ezer asmatzen ari, ongi oroitzen dut inpresio hura.
Bera sartu eta geu atera gintuzten, anaia eta biok. Presoak txandaka ateratzen zituztela ikasi genuen orduan. Lanak hartzen zituzten, geure artean loturarik egon ez zedin. Anaiarekin joan-etorrian nenbilela ikusi nuen Iosu bere ziegan. Neu bezala lurpean zegoen, eta bere burua baino ez nuen ikusten, burdinazko sarearen atzean. Hark egin bezala, bere leihoaren aurrean geratu eta antzerkia egiten hasi ginen, Iosuri elkarrizketa pixka bat ematearren. Baina traketsak ginen artean, eta funtzionarioa ziztuan atera zen bere etxolatik, ziegara itzuliko gintuela mehatxu eginez. Horra Espainiako Erreinuaren langile prestua, hitzen ehiztari bilakatua.
Iosu ez zen, ordea, hitz askoko gizona. Zer edo zer burutik pasatzen zitzaionean esaten zuen, eta ezer berezirik bururatzen ez bazitzaion, ez zuen deus esaten. Ez zen isiltasuna elekeriaz estali behar dela pentsatzen duten horietakoa. Baina hitz egiten zuenean jakintzaz egiten zuen, eta goxo, eta esaten zuenari arreta jartzen zenion, bazenekielako ez zuela esateagatik esaten. Berarekin batera atxilotutako Xabier Ugarte zegoen gurekin isolamenduko modulu hartan, eta egunero hitz egiten genuen laurok, kosta ahala kosta, horretarako besteen leihoetan akrobaziak egin behar bagenituen ere.
Urte asko joan dira enkontru hartatik. Mundu bat. Duela gutxi elkarrizketa batean irakurri nion «bizitza pleno bat» bizi izanaren sentimendua daukala. Ongi entzun duzue. Esaldi batekin dena esateko gaitasuna da hori, zas!, bihotzera zuzenean. Zertarako gehiago esan, esaldi batean dena kabitzen bada? Estiloa da hori, neurria, eta sosegua.
Badut hemen esku artean hark utzi eta inoiz itzuli ez nion liburu bat, «El último de los Savage» izena duena. Nahiko bandidoa naiz, horregatik ez nion itzuli. Eta itzuli nahi nioke, zeren gauza bat da urte askoan kentzea eta bestea betiko kentzea, baina ez dakit ahalko dudan, espainiarren esku baitago. Eta espainiarrak dira pipiak jandako etxeak bezala: non zapaltzen duzu, han erortzen zara zulora. Esaten duzu «espainiar», eta esaten duzu polizia, epaile, bizkarroi, fanatiko, fartsante, pailazo, gezurti, lapur, lukurreru, ezjakin... arerio gehiegi, eta denak mina egiteko langintzan trebatuak. Mina, ofizio.