Harri-jasotzea
Izeta II.a aiarra harri traketsekin nagusi da
J.L.
Izeta II.ak irabazi zuen herenegun Elgoibarko San Bartolome Torneoa. Aurtengorako bi harri trakets jarri zituzten antolatzaileek, eta horietako bat benetan zaila izan zen harri-jasotzaileentzat.
Bata 146 kilo pisatzen zituen Belaustegi harria izan zen, benetan traketsa eta zaila. Bestea, errazagoa, Mintxeta harria, 125 kilokoa, nahiz eta zaila izan.
Izeta II.a izan zen irabazlea, eta, beraz, ez zen inongo ezusterik izan, Aiako harri-jasotzaile beteranoa baitzen irabazteko faborito nagusia. Bakoitzak bost minutu izan zituen lanerako.
Belaustegi harria benetan zaila suertatu zen, eta kirolariek oso jasoaldi gutxi eman zizkioten. Izeta II.ak lau aldiz bakarrik lortu zuen bizkarraren gainean berdintzea, eta berak bezainbeste jasoaldi eman zizkioten Ugartemendiak eta Eizmendik.
Atzetik hiru jasoaldi eman zizkion Izeta III.ak eta bakarra eman zioten Izeta IV.ak eta Urpek. Telleria IV.ak, berriz, ez zuen harria bizkarrean berdintzerik lortu, nahiz eta sarritan ahalegindu zen.
Ondoren etorri zen Mintxeta harria, eta honekin askoz era hobeto moldatu ziren kirolariak. Harria bera egokiagoa izateaz gain, arinagoa ere bada, eta errazago ibili zuten kirolariek.
Izeta II.ak eman zizkion jasoaldirik gehien, 17 guztira. Izeta III.ak, berriz, 13 aldiz lortu zuen bizkarrean berdintzea. Ugartermendiak 11 aldiz jaso zuen, Telleriak 10 jasoaldi eman zizkion, Eizmendik 9, Izeta IV.ak 6 eta Urpek 3.
Besteak
Aizkoraz eta harri-jasotzeaz gain, asteburuan izan dira beste txapelketa batzuk, eta, ondorioz, baita beste txapeldun batzuk ere.
Euskal Herriko Lasto Jaurtiketa Txapelketa jokatu zen Bilbon, eta ez zen inongo ezusterik egon, Tubik lortu baitzuen txapela, lasto fardoa 6 metro eta 30 zentimetrora bota ostean. Bigarren postuan Joxe Lapazaran sailkatu zen 6 metro eta 10 zentimetroko markarekin. Podiuma Andde Arbenoitz lapurtarrak osatu zuen 5 metro eta 90 zentimetroko marka eginez.
Txingan, berriz, Nafarroako finala jokatu zen atzo Gorritin, eta hiru kirolari lehiatu ziren. Bakoitzak 50 kiloko txinga bana eskuan hartu eta ahalik eta plazarik gehien egitea zen helburua. Irabazlea Etxeberria izan zen 12 plaza pasa egin ostean.
Araban, berriz, zaku lasterketako finala ere jokatu zen, eta Basabek eraman zuen herrialdeko txapela.