surfa
Carlos Burle: traba guztiak gainditu, eta aurrera egitea lortu duen lehiakidea
Ez du ibilbide erraza izan Carlos Burlek. Aspalditik da ezaguna olatu handietako lehiakide hau, baina askori surflari honek duen meritua aitortzea kosta zaie. Hala ere, bere izenak gero eta oihartzun handiagoa du. Azken garaipena Perun lortu du, Pico Altoko olatuan.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Olatu handien itzuliko lehen txapelketa ez zuten egiterik izan, ez baitzen olaturik. Bigarren txapelketa, berriz, Carlos Burlek irabazi du, eta modu horretan rankingeko lehen postua ere eskuratu du.
BBWT
Olatu handien tourra Gary Linden surflari eta shaper ezagunak sortu zuen 2009. urtean, eta lehen itzuli hartako irabazlea Carlos Burle brasildarra izan zen. Harrezkero urtero egiten den itzuli hau (Big Wave World Tour) bost txapelketek osatzen dute; Punta de Lobos (Txile), Pico Alto (Peru), Nelscott Reef (Oregon-AEBak), Mavericks (Kalifornia-AEBak) eta Todos los Santos (Kalifornia Beherea-Mexiko).
Aurten, itzuliko lehen proba, Txilen izan zen, Punta de Lobos olatu famatuan, baina ez zen behar adinako itsaskirik izan apirilaren 1 eta maiatzaren 30 bitartean, eta azkenean, ez zen egin.
Bigarren proba Pico Alton izan da, Perun. Iazko abuztuan egin zuten olatu handien itzuliko bigarren proba honetako irabazlea Peter Mel estatubatuarra izan zen, zazpi metroko olatuetan, eta aurten ere baldintza bikainak izan dira. 2009an olatu handien itzulia lehen aldiz egin zenean irabazi zuen surflari berak lortu du garaipena, Carlos Burle brasildarrak, alegia.
Carlos Burle
1998an Reef Brazil Big Wave World Championship txapelketa irabazi zuen, Mexikon, Todos Santos olatu beldurgarri eta arriskutsuan. Hurrengo urtean ordea, ez zen olatu handietako bi txapelketa ospetsuenetara gonbidatua izan -Eddie Aikauren omenez Waimean egiten den txapelketa, eta Quiksilver Maverick's Men Who Ride Mountains-.
Garai hartan Burle, oilo hazle baten semea, ezezaguna zen eta tamainako txapelketa irabazi ostean, gonbidapenik jaso ez izana, antolatzaileek beraiek aitortu behar izan zuten, ez zela batere justua izan, inondik inora ere. Beraz, ez da erraza izan Burlek egin duen ibilbidea, baina oztopoak oztopo sekulako curriculuma du.
Burle, 1987tik surflari profesionala, Pazko uhartean olatu erraldoien bila jardun zen, eta bertan, «alargun egile» deitzen duten leku batean olatu handiak hartzen agertu zen «Surfer» aldizkarian 1989an. Ordutik pixkanaka gero eta ezagunagoa egin da olatu handietako surflarien komunitatean.
PICO ALTO
Peruko hiriburutik 43 kilometro hegoaldera, Punta Hermosako itsaslabar zorrotzetan aurkitzen da Pico Altoko eskuin olatua. Bertan izan da 2012/2013 olatu handien itzuliko bigarren proba Big Wave World Tour's 2012 Billabong Pico Alto. Gainera aurtengoan hamar urte bete dira txapelketa hau egiten hasi zirenetik eta itsasoa lagun izan zuten, 30 eta 40 oin bitarteko olatuak izan baitziren.
Lehen txandetan izan zen ezustekorik, Rafael Velarde bertako surflariak, esaterako, aurpegian zauria egin zuen, eta uretatik kanpora atera behar izan zuen. Ken Collins Santa Cruzeko surflari ezagunak, berriz, sudurra hautsi zuen, eta bere taula ere bai; hala eta guztiz ere, txanda pasatzea lortu zuen eta finalean izan zelarik, hirugarren postua lortu zuen.
Sebastian de Romaña, Tamil Martino, Rafael Velarde, Kodiak Semsch, Rafael Otero, Gabriel Villaran eta Jose Gomez izan ziren txapelketan parte hartu zuten perutar bakarrak, eta soilik azken honek lortu zuen finalean egotea. Gomezek, 2006. urtean txapelketa hau bera irabazi zuen eta aurtengoan laugarren postua eskuratu ahal izan du.
Finalean, batez ere bi lehiakideren artean izan zen lehia: Burle eta Greg Long amerikarraren artean, hain zuzen ere. Burle nagusitu zen, ordea, eta merezitako txapela jaso zuen. Beraz, orain, itzuliko rankingean lehen postuan da brasildarra.
«Hunkituta nago», esan zuen Burlek, «Peru maite dut, lehen aldiz atzerrian lehiatzera joan nintzenean, hona etorri nintzen, ezagutu nuen lehen herrialdeetako bat izan zen. Ordutik, lagun bikainak ditut hemen eta zoriontsu naiz, garaipen hau, Pico Alton lortu ahal izan dudalako».
Olatu handien itzuliko hurrengo txapelketa Kalifornian izango da, Mavericksen. Txapelketa ospetsu honek 2001ean Maldiva uharteetan hil zen olatu handietako surflariaren izena zuen hasieran, Jay Moriarity, baina egun Mavericks Invitational izena du. Izan ere, bere sendiak esan zuen ez zuela nahi Moriarityren izena marka izenekin nahastea, eta iaz izena aldatu behar izan zuten.