GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Munduko Surf Txapelketa

Zarautzen egiten den txapelketak ez du 1988. urtean egiten hasi ziren txapelketak zuen arrakasta. Izan ere, egungoa, mundu mailako txapelketa izanagatik ere, ez da munduko txapelketa. Lehiakide brasildarrek etxeko egongelara gonbidatzen gintuzten. Haxix pixka baten truke sekulako trukaketak egiten genituen, inoiz ez zen hain merkea izan halako taula bikainak hain merke lortzea.

 

Hamabi urte nituen Zarautzen munduko lehen txapelketa egin zutenean. Lehen urte haietako irudiak ditut gogoan. Hondartza jendez gainezka, munduko surflari ezagunenak gure herriko kaleetan, eta gauetan izaten zen festa. Munduko txapelketa zen.

Egun Zarautzen egiten den txapelketak ez du 1988. urtean egiten hasi ziren txapelketa hark zuen adinako arrakastarik, ezta gutxiago ere. Arrazoiak mila izan daitezke, baina bada bat, nagusia: bihartik aurrera Zarautzen egingo dutena, mundu mailako txapelketa izanagatik ere, ez da munduko txapelketa.

Bere burua elkarte gisa aurkezten duen enpresa batek nahi moduan salduko du produktua, udala eta ikusleria engainatuko du, baina surfaz apur bat dakienak txapelketa honen benetako dimentsioa ezagutzen du, sei izarreko WQS txapelketa bat da, kito! Ez pentsa Kelly Slater eta antzerakoak gurean ikusi ahal izango ditugunik.

Mark Occylupo, Derek Ho, Damien Hardman, Barton Lynch... 80ko eta 90eko hamarkadako surflari onenak Zarautzen ikusi ahal izan genituen, garai batean. Surf pelikuletako protagonistak, gure eskola liburuetako azalean jartzen genituen argazkietako surflariak, gurean ziren, hezur-mamiz ikus genitzakeen. Etxepeko barazki dendan edo okindegian ikusten genituen. Herritarrek, surflariok gaizki ikusiak ginen garai haietan, ateak irekitzen zizkieten besapean taula batekin etortzen ziren atzerritar ilehoriei, eta egun haietan, Zarautz surfaren munduko hiriburu bilakatzen zen.

Lehiakide brasildarrek beren apartamentuetara gonbidatzen gintuzten, saltzeko zeukaten bigarren eskuko materiala eros genezan. Haxix pixka baten truke itzelezko trukaketak egiten genituen, sekula ez zen hain merkea izan halako taula bikainak hain merke lortzea.

Hondartzan sokamutur saioak izaten ziren, eta ordura arte argazkietan baino ikusi ez genituen surflariak zezenak zirikatzen ikusten genituen. Lehiakideek arretaz ikusten zituzten herri kirolen ikustaldiak eta itzultzaileren baten laguntzarekin haiekin solasean izaten ziren. Gogoan dut Tom Carroll, txundituta, Perurenari argazkiak atera eta atera, mirespen begirada ezabatu ezinik Leitzakoarekin hizketan.

Martin Potterren suzko taula, Cheyne Horan australiarraren lema bitxiak, Tod Hollanen taula deigarriak, Ricchie Collinsen punky gandorra.... eta gauetan izaten zen festa. Gure idoloak ere mozkortzen zirela ikustea, eta haien artean ere denetarikoak zirela ohartzea. Eta Sunny Garciak Lizarriturriri (lagun bati) eman zion muturrekoa, eta jarraian Aiako baserritarrek hawaiiarrari eman zioten paxada basatia...

Baina batez ere, ikusle eta parte-hartzaileen arteko gertutasuna dut gogoan, egun faltan hartzen dudana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo