JOSEBE EGIA
Uste baino errotuago
Ameriketako Estatu Batuetan bada politikari bat, Alderdi Errepublikanokoa, Todd Akin, oraindik ez dena enteratu bortxaketak ez duela motarik, alegia, bortxaketa beti dela bortxaketa. Areago, horren harira telebistako elkarrizketa batean bota zituenak sinestezinak dira, absurdoak, eta espantua sortzen du pentsatzeak ziurrenik Akin ez dela pentsamolde horren jabe bakarra izango, giza eskubideen errespetuari dagokionez ustez horren aurreratuta gauden herrialdeotan.
Politikari kontserbadore horren ustetan, bortxaketa legitimo bat jasandako emakumeak ez dira haurdun geratzen. Izan ere, legitimoa denez gero, emakumearen gorputzak berak baditu mekanismoak erabat ixteko eta, horrela, haurdunaldia prebenitzeko. Hala ere, mekanismo horiek huts egingo balute, emakume horiei ez litzaieke haurdunaldia eteteko eskubiderik onartu beharko, zigorra bortxatzaileak pairatu beharko luke eta sekula ez haurrak.
Zur eta lur geratzeko moduko hitzak, tipoa betea ote den pentsatzera naramatenak. Eta nola litekeen politikaren mundutik ostikadaka bota ez izana ere bai, bere alderdikideek eurek. Batetik, bortxaketa eta legitimo hitzak esaldi berean elkarren ondoan agertzeak zanpatu egiten duelako emakumea erruduntzat jotzen zen garaia gainditu izana, bortxaketarako aitzakiarik ez dagoelako suposamendu bakarraren garaipena. Bestetik, abortuaren kontuak eragiten dituen argumentuak denetarikoak izan ohi dira, baina kasu honetan goia jo da. Haurdunaldia prebenitzeko erabat ixteko emakumearen gorputzaren ez dakit zein berezko mekanismo horien aipatze hutsa ergelkeriaren seinale eztabaidaezina delako. Azkenik, adierazpen horiek guztiak iraingarriak direlako gizakion adimenarentzat, oro har, eta emakume guztiontzat, bereziki. Kontraesanean erortzeaz gain, legitimoa izanez gero, zergatik zigorrik?
Ameriketako Estatu Batuetan, zehazki, bost emakumetik batek adierazten du eraso sexualen bat jasan duela bere bizitzan behin, gutxienez. Hori emakumezko biztanleriaren %18,3 da. Herrialde horretan, bortxaketa isilpeko epidemiatzat jotzen da, izan ere, biktima horietako askok eta askok nahiago izaten dute salatu barik bizi, ondorioen beldur, erantsiko zaien estigmaren beldur. Finean, hasieratik sentitzen direlako epaitu eta errudun. Ameriketako Estatu Batuetan bezala, mundu zabalean zehar.
80ko hamarkadako «The accused» filma datorkit burura, Jodie Fosterrek ezin hobeto jokatutako papera. Film gogorra, barrenak dantzan jartzen zituena, amorruaren amorruaz, egonezinaren egonezinaz, hain zen errealista garai hartan. Bortxaketaren gaia pil-pilean jarri zuen, sistema judiziala, jendartearen ikuspuntua, biktimen bakardadea, eta, hain zuzen, legitimo hitzak lekurik ez zuela salatzen zuen.
2012an politikari batek halako gauzak esatea, publikoki, hauteskunde kanpaina baten baitan, AEBetan, alerta pizteko modukoa iruditzen zait, argi erakusten baitu film hartatik egunera arte bortxaketa merezia izan daitekeelako ustea ez dela behar bezala desagertu, isilean gordeta ere pentsa dezakeguna baino errotuago dirauela gizon askorengan. Han eta hemen.