Udate | Jon CAZENAVE, ARGAZKILARIA
«Esaten didate nire argazkiak ilunak direla baina iluntasunetik argira noa»
Donostian jaio zen 1978an enpresaritza ikasketak egin bazituen ere, argazkilaritza munduan murgilduta eman ditu azken urteak. Argazkilaritza dokumentala egin du batez ere eta bere Galerna proiektuarekin euskal herritarren azterketa antropologikoa egiten dabil eta orain, irailean, Holandan ospatuko den Noorderlicht jaialdirako «Amalur» argazki saila aukeratu diote.
Ane ARRUTI | BILBO
Irailaren 1ean inauguratuko den Noorderlicht 2012 (www.noorderlicht.com) argazkilaritza jaialdian aukeratu dute Jon Cazenave donostiarra. 1990az geroztik ospatzen den jaialdi hau mundu mailako garrantzitsuenetakoa da eta gizarte gaiak irudien munduarekin uztartzea du helburu. 36 herrialdetako 15.000 eskaera izan ditu aurtengo edizioak eta horietatik lehenengo bost aukeratuen artean sartu da donostiarra, ondoren guztira 115 argazkilari hartu badituzte ere. Cazenavek Hernaniko Axeri Dantzari ateratako argazki bat jaialdiko sail bat irudikatzeko aukeratu dute gainera.
Nondik nora sortu zaizu aukera hau?
Mundu mailan, argazkilaritza dokumentalaren arloan, hau izango da festibalik kuttunena, hoberena. Gauzak asko zaintzen dituzte, holandarrak dira, eta beraien aukeraketak beti bereziak dira. Zergatik? Beraiek aukeratzen dutena hemendik bost-hamar urtetara beti da mundu mailan punteroena. Tendentzia antzeko bat markatzen dute aukeraketekin.
Esan daiteke orduan sekulako bultzada suposatuko duela zuretzat jaialdi honek?
Bai, bai... Mundu osotik joango da jendea Holandara inaugurazio egunean edo aste horietan aukeraketa hori ikustera. Zifrak emateko, 15.000 lan jaso dituzte aurten, lehenengo aukeraketan bost argazkilari aukeratu zituzten eta ni horien barne nago. Beraz, izugarria izan da niretzat. Gero, guztira ehundik gora izango gara, baina lehenengo bost horien artean sartu nintzen.
Zerk bultzatu zintuen zure lana aurkeztera?
Beraiek gai bat jartzen dute urtero. Aurtengoa Terra Cognita da, natura eta gizakiaren arteko erlazioa, eta ikusi nuen hor nire lanak lekua bazeukala. Nik euskal gaian egiten dut lan, euskal gizakiari buruz ari naiz etengabe pentsatzen eta argazkiak ateratzen. Baina beste ikuspuntu batetik egiten dut, hau da, zer gara euskaldunak? Euskaldunak natura gara, euskaldunak hodeiak gara, mendiak... Horren inguruan aritzen naiz, beti saiatzen naiz azaltzen euskaldunak eta gure herria zer den naturaren bitartez.
Gaia, orduan, zuretzako primerakoa.
Bai eta testu bat prestatu nuen, argazkiak eta gaia lotuz. Eta besterik gabe bidali nuen, «ea zorterik dudan» pentsatuz. Handik gutxira mezu bat jaso nuen, 15.000 lan aurkeztu zirela esanez eta lehenengo kortea pasa nuela. Denbora pasa ahala, esan zidaten bost aukeratuen artean nengoela, eta gainera, nire irudi bat erabili nahi zutela jaialdiko sail bat irudikatzeko. Izan ere, «Terra Cognita» jaialdi hau lau sailetan banatuta dago eta horietako bat, «Safe heaven», nire argazkiarekin dago irudikatuta. Web orrialdera sartzen bazara, irudi hori azaltzen da. Hernanin ateratako axeri dantzako irudi bat da. Egia esan, niregatik oso pozik nago baina benetan pozten nauena da mundu mailan Euskal Herria horrelako leku batean sartzea.
Zuk aurkeztutako argazki sailari «Amalur» deitu diozu baina Galerna proiektuaren barnean dago...
«Amalur» nik asmatutako izena da aurkeztu dudan argazki aukeraketa honetarako. Printzipioz Galernaren selekzio bat bidali nuen, baina kontutan hartuta testu bat prestatu nuela eta argazki aukeraketa konkretu bat egin nuela gaiarekin bat egiteko, ez zeukan zentzu gehiegirik Galerna bezala aurkezteak. «Amalur» erakusketa honetarako sortu da, beraz. Hamalau argazki dira.
Galerna nahiko irekia da, euskaldunei buruz hitz egiten du eta, adibidez, gure biolentzia ere aztertzen du irudiekin. Hamalau argazki hauek pixka bat irudikatzen dute natura eta gizakiaren arteko erlazioa. Axeri dantzaren irudia, adibidez, gizakia eta animalia da, totem bat da. Euskaldunen erlijio zaharra irudikatzen dut, ihauteriak erabiltzen ditut euskal totemismoaren inguruan sakontzeko, cromlech-ak sartzen ditut... Gure paisaia interbenitua dago, orokorrean gure mendi guztietan dolmen edo cromlechak daude. Horrek esaten dizu mendi hauek gizakiaren presentzia bizi izan dutela orain dela milaka urte. Eta hori erabiltzen dut ideia horretan sakontzeko: gure natura gizakiak interbenitu duela baina euskaldun sena ere naturak ematen duela, gure inguruko natura konkretu honek.
Enborrak aukeratu dituzu, labarrak, itsasoa...
Enborraren argazkian, adibidez, begi modukoak ikusten dira, aurpegi moduko bat. Beti ideia horrekin jolasten dut, zer ari zara ikusten natura edo animali bat? zer da hori animali bat edo gizaki bat? Horretan jolasten dut aurretik esandako ideian sakontzeko.
Guztiak zuri-beltzean.
Bai, beti. Lan pertsonala bada, Galerna lanerako argazkiak egiten ditudanean, beti egiten ditut zuri-beltzean. Oso argi konkretuarekin gainera, beti argi lainotuarekin jolasten dut. Adibidez, uda honetan, ez dut argazkirik egin, sekulako eguraldia egiten duelako. Baina nik, gure euskaltasunari buruz pentsatzen dudanean, beti hodeiak behar ditut, zeru iluna. Chillidak esaten zuen moduan, «gure herriko argia beltza da», eta bat nator, gure argia iluna da.
Euskaldunok ez daukagu kolorerik?
Bai, baina nik oso argazkilaritza kontzeptuala egiten dut eta koloreak beti nire kontran jolasten du. Nik nahi dudana da norbaitek nire argazkia ikusten duenean kontzeptu horretan zentratzea. Kolorea erabiltzen badut, jendea beste bidetatik dijoa. Zuri-beltzean lan egiterakoan, potentzia berezia ematen diot, kontraste asko. Batzuk esaten didate nire argazkiak oso ilunak direla, eta arrazoia daukate. Baina nik atmosfera hori sortu nahi dut, iluntasun puntu bat, baina beti argia dago presente. Iluntasunetik argira noa eta nahi dut ere norbaitek nire argazkiak ikusten baditu hori ere sentitzea. Iluntasunetik argira doazela sentitzea. Amatasun puntu bat ere badauka. Ez dakit... Bartzelonatik natorrenean adibidez, Biaitzpen sartzen naizen heinean, Irurtzun ikusten dut eta hodeia hor dago. Jendeak orokorrean madarikatu egiten du, «orain ere badugu lainoa!», baina ni hodei horretan sartzen naizenean nire herrian sentitzen naiz. Protekzio bat da niretzat gure hodei iraunkor hau.
Jaialdia irailaren 1ean inauguratuko da. Hemen inguruan ba al dugu zure lanak ikusteko aukerarik?
«Herri ixilean» itinerantzian eduki dut orain arte. Getxophoton aurkeztu zen duela bi urte, Donostira etorri zen, Biarritzera, Maulera eta Donibane Lohitzunera. Baina orain konkretuki, ez daukat ezer martxan. Garrantzia handia ematen diot nik egindako lana etxean aurkezteari. Badakit oso zaila dela hemen pentsamoldeak aldatzea baina, onartzen dizut ere, hemendik aurrera pentsatzen ari naizela Europa mailan ere mugitzea nire lana.
Eskaparate ederra daukazu orain behintzat.
Aukera izugarria da. Bertan jende askok ikusiko du baina gero itinerantzia batean sartzen dute erakusketa, oraindik ez dute zehaztu aurtengoa, baina pasa den urtean Nueva York eta Tokiora eraman zuten.
«15.000 lan jaso dituzte aurten, lehenengo aukeraketan bost argazkilari aukeratu zituzten eta horien barne nago ni. Gero guztira 115 izango gara»
«Uda honetan ez dut argazkirik egin, sekulako eguraldia egiten duelako. Baina nik, gure euskaltasunari buruz pentsatzen dudanean, hodeiak behar ditut, iluntasuna»