GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

Unax, bihotzetik bihotzera


Lehen astea bukatu eta Bartzelonatik Galizia aldera eramango gaituen hegazkinaren zain gauden bitartean ekin diot gaurko zutabea idazteari. Azken egunotan burua eta barruak «jan» dizkidan egoeraren berri Barakaldoko irteeran izan nuen. Afizionatu mailan zuzendari izan nuen Xabier Artetxek galdetu zidan ea bihotzeko gaixotasun bat duen mutil baten egoeraren berri ematen duen pultseratxoa eramango nuen. Pentsatu ere egin gabe, pultseratxoa jantzi eta mutila ezagutzera joan nintzen. Ostean, Unax txikia eskutan hartu eta gure autobusera igo nuen.

Unax bihotzetik gaizki zegoela jakin arren, ez geneukan informazio gehiegi bere gaitzari buruz. Hala ere, eguna joan eta eguna etorri, Linus Gerndermanek mutilaren tratamendurako dirua eman nahi zuela errepikatzen zidan.

Gaur goizean, Unaxdecorazon.org helbidean sartu eta umea eta bere familia bizitzen ari direnaren berri izan dugunean, taldekide guztioi are eta maltzurragoa iruditu zaigu egoera.

Lasterketa hasi denetik, jendeak etengabe eskatzen digu zerbait. Berdin da zer: bidoiak, biserak, eskularruak.... Debaldekoa baldin bada, jendeari berdin dio zer ematen diozun. Gaur, ezagutzen ez dudan gizon batek, bere izenenean Galiziako hotel batean «zerbait» uzteko eskatu dit Twitter bidez!!! Baina, oraingoan, inoiz baino gusturago, trukean ezer eskatu ez didan Unaxi, lasterketa baten sekula eskatu ez didaten eta eman ez dudan zerbait emango diogu: sosak!!!

Unaxen gaitza, tamalez, ez da argazki bat, bidoi bat ala maillot bat oparituta osatzen. Unax ez da inolaz ere triste eta goibel dagoen mutil bat. Unaxek txispa eta bizipoza soberan dituen arren, osasuna falta du eta bere tratamendua eta Ameriketako Estatu Batuetan egingo dioten ebakuntza ordaintzeko 200.000 euro behar ditu. Horretxegatik, hemendik, gonbidapena luzatzen dizuet, Unaxdecorazon.org helbidean bere kasua ezagutu eta euro batzuekin lagun diezaiogun. Besterik gabe, besarkada bero bat Unaxi eta bere familiari. Inoiz baino gehiago, bihotzetik bihotzera!!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo