GARA > Idatzia > Kultura

Udate

4.280 eurotan saldu dute Uharte Arakileko gazta txapelduna

Artzain Egunaren 45. edizioa ospatu zen atzo Sakanako Uharte Arakil herrian. Bertan, ohiko lehiaketetako sariak banatzeaz gain, hainbat lagun omendu zituzten, tartean gaztagintzan aritzen den eta Londresko Olinpiar Jokoetan nabarmendu den Maider Unda borrokalaria.

p052_f01.jpg

GARA | UHARTE ARAKIL

Sakanako Uharte Arakil herriak Artzain Egunaren 45. edizioa ospatu zuen atzo. Goizean zehar gazta, ardi gisatu, ile-mozte eta morfologia txapelketak egin zituzten. Arratsaldean, berriz, artzain txakurren arteko norgehiagoka izan zuten. Horrez gain, sari bereziak ere banatu zituzten.

Gazta txapelketaren 31. edizioko irabazlearen izena eguerdiko ordu batak eta erdiak inguru iragarri zuten. Lehen saria Ricardo Remirorentzat izan zen. Remiroren atzetik, Manuel Bengoetxea, Monica Ruiz de Larramendi, Lopez Azpilikueta eta San Marti, Jose Javier Sestorain eta Hualde Ituarte gaztagileak gelditu ziren.

Jarraian gazta irabazlearen erdiaren enkantea egin zen. Azkenean, Solbes Gourmet enpresak erosi zuen. Hain zuzen ere, 4.280 euro ordaindu zituen, aurreko marka 30 eurogatik gaindituz.

Ostean bestelako sariak banatu zituzten. Ardi gisatu lehiaketan lau elkarte gastronomikok parte hartu zuten, baina, noski, bakarrak eraman zuen garaikurra. Zorionekoa Gazteleku elkartea izan zen.

Jarraian, ile-mozte lehiaketa egin zen, Rafa Beorlegi izan zelarik garailea. Ardien lehiaketa morfologikoari dagokionez, berriz, sariak oso banatuta izan ziren. Ardi helduen kategorian, Egozkueko Loperena Goñi eta Iturengo Isidro Bazterika izan ziren txapeldunak. Arkumeen kategorian, aldiz, Arizkungo Irigoien Rekarte eta Lezaungo Lopez Azpilikueta izan ziren nagusi.

Esne produkzioari dagokionez, bi urte baino gehiagoko ardien kategorian, Izurdiagako Ezkurra Eskisabel eta Urdazubiko Xabier Bengoetxea izan ziren irabazleak. Bi urte baino gazteagoak diren ardien mailan, berriz, Elizondoko Maria Jesus Larratxea eta Azpilkuetako Juan Jose Irungarai izan ziren txapeldunak.

Arratsaldean, 17.00etan, Nafarroako Sorterriko Arrazen Artzain Txakur Txapelketa ospatu zen. Irabazlea Antonio Alustiza izan zen, Bat eta Txiki txakurrekin parte hartu zuena; bigarrenak eman zion garaipena.

Sari bereziak

Lehiaketetako irabazleak ez ziren atzo Uharte Arakilen saritutako bakarrak izan. Izan ere, antolatzaileek hainbat lagun omendu nahi izan zituzten Artzain Eguneko ospakizunak baliatuta. Lehenik, Berta Moreno Morenok kaiku bat jaso zuen Felipe Gorriti musikari uhartearrari buruz argitaratu duen liburuagatik. Beste saritu bat Melkiades Hidalgo izan zen. Aurreko urteetan ile-mozketa lehiaketa aurrera ateratzeko egin duen lana eskertzeko txapel bat eman zioten Melkiadesi. Azkenik, Londresen egin berri diren Olinpiar Jokoetan borroka librean brontzezko domina irabazi duen Maider Unda saritu zuten. Idiazabal jatorri deiturako gaztak egitea du ogibide Undak eta bere lana kirolaren aurretik jarri izana eskertu nahi izan zioten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo