Udate
Tolosaldeko azken karobietako bat zaharberritu du Burdina Taldeak
N.B. | DONOSTIA
Burdina Taldeko kideek Tolosako Urkizu auzoko karobia zaharberritzeko lanak amaitu zituzten larunbatean. Tolosakoa burutu duten azken lana bada ere, aurretik beste lau karobi ere berritu dituzte Andoainen eta Leitzan. Horrez gain, harrobi bat ere zaharberritu dute Leitzaranen.
Uztaila eta abuztua bitartean Andoaingo Goiburu auzoan ere aritu ziren lanean, lixiba egiteko toki bat eraberritzen; bi dema-harri ere topatu zituzten. Harriok garrantzitsuak dira, Sanestebaneko Abeltzainen Ermandade ohiak erabiltzen baitzituen.
Burdina Taldeak Leitzarango bailaran egiten du lan eta ia 90 kidek osatzen dute. Xabi Arruti presidentearen esanetan, inoiz ez zaie lanik falta, beti dagoelako norbait beraiekin harremanetan jartzen dena. «Urkizuko bizilagun batek deitu zigun eta esan zigun baserrian karobi bat zutela, eta ea konpontzerik bagenuen», adierazi digu. Hala, Burdina Taldea Urkizuko karobia zaharberritzen hasi zen.
Lehenengo fasean, karobiko objektu arrotzak kendu zituzten, bai barruan zeudenak bai kanpokoak. Bigarren fasean, karobia oso egoera kaskarrean zegoenez, igeltserotza lanak egin zituzten. Horretarako kide berri baten laguntza izan zuten. «Josetxo Crespo altsasuarrak aste oso bat eman zuen gurekin lanean, eguzkipean», nabarmendu du Arrutik.
Herenegun, azkenean, karobiko konpontze lanak amaitutzat eman zituzten. Lanotan azpiko konoa atera eta tximinia lokalizatu dute. Burdina Taldekoek uste dutenez, Urkizuko karobia Tolosaldean dagoen azkenetarikoa da.
Urkizuko lanok amaitu badituzte ere, urteko lan egutegia ez dute ez hutsik Burdina Taldeko kideek. Uneotan, badute beste proiektu bat eskuartean: Oiokiko (Leitzaran) burdinola berritzea.