GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Gorra baino gogorragoa

Aurreko batean itsu edo gor izateak zer dakarren aritu ginen hizketan lagunekin. Imajinatzen zure buruak zer itxura duen ez jakitea? Edo inoiz kantu baten doinuak ez entzun izana? Imajinazioak imajinazio, zentzumen guztiak dituenak ezin du jakin haietako baten faltak zer dakarren. Katarroa hartu eta dastamena galtzean konturatzen gara zaporerik hartu gabe zeinen desberdina den jatea; begiak tapatutakoan zeinen beharrezkoa zaigun ikustea; eta belarriak tapatzean zeinen ederrak diren maiz oharkabean entzuten ditugun hotsak. Baina, probak proba, ezin jakin zentzuetako bat ez duenak bere osoan zer sentitzen duen.

Dastamenik ez duen pertsona bat ezagutzen dut, baina izan izan zuen, eta, horregatik akaso, nahiago du finetik jan, jaki gozoen zaporea gogoratzeko gai da-eta. Inoiz ere entzun ez duten pertsonak gertuan ditut. Dastamenik ez duen pertsona hori ez bezala, hauek ez dute oroimenik, inoiz ez dutelako entzun asaldatuta dagoen itsasoaren orroa, haren danbatekoak eragindako dardara atzeman bai, baina ez direlako inoiz trumoien hotsarekin beldurtu... Ez dute isiltasuna ezagutzen, horretarako soinua ezagutu behar da-eta, eta begietara begiratzen dute asko ahoa irakurtzen saiatzen direnean entzun ezin dezaketen hori atzemateko.

Teknologia berriek asko erraztu diete bizimodua. Lehen faxa zuten parez pare ez zegoenarekin komunikatzeko gailu bakarra; gaur egun telefono mugikorretako mezuei eta Interneti sekulako zukua ateratzen diete, beste inork baino gehiago, halabeharrez. Telebista kateek ere gero eta saio gehiago ikusi eta ulertzeko aukera ematen diete eta hainbat politika eztabaida zeinu hizkuntzaren bidez jarraitzen dituzte.

Aurrerapen asko ezagutu dituzte urte gutxian, bai; baina oraindik pertsona gorrek deserosoak diren egoerak bizi dituzte, euren ezintasunak baino aurrean dituztenek eragindakoak gehienak. Arreta jarri, eta hitz egiterakoan ahoa normalean baino gehiago zabaldu eta mugitzearekin nahikoa izaten da gehienetan esan nahi dugun hori haiek uler dezaten. Erraza izanda ere, oraindik ezin leku askotara bakarrik joan, interpreterik ez dagoelako eta parean dagoena gorra bera baino gogorragoa delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo