GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Ezinaren ekinez

Lortuko dugun guztia ezinaren ekinez lortuko dugu; baina ez dago besterik: gu geu izaten jarraitu edo haien demokrazietan espainiarrago ala frantsesago izaten jarraitu

Egutegiko opor ofizialak amaitzearekin batera desegingo da azkenean, egungo parla- mentua. Demokraziaren izenean demokraziaren fuk diren horiexek bermatu dute hiru urte eta erdiz herri honek ikusi eta pairatu behar izan duen egoerarik antidemokratikoena, kafkiarrena ez esatearren. Baina, Alderdien Legearen babespean Injuriaenea-ra iritsi zen fikziozko lehendakari saxojotzailearenak egin duela dirudi. Amaitu da espejismoa, historiak urrutiko tren batean lehendakariarenak egiten harrapatu zuen Patxirentzat.

Ilegalizazioaren atea itxitzat eman daiteke, horrenbestez, herri hau beste era batera egituratu nahi dutenentzat.

Argi da, gatazka politikoaren alderik gordinenak gainditu ahala, konfrontazio ideologiko eta instituzionalak talka egingo duela Una Grande y Libre-ren defendatzaile sutsuenekin. Eta ez da samurra izango. Zauritutako animalia bat da, egun, Estatu espainiarra. Histeriko jartzen da Kosovo eta Eskozia bezalako adibideekin, eta amesgaiztoa hasi baino ez da egin. Estatu espainiarrak duen arrakala ez baita ekonomikoa soilik, demokratikoa ere bada. Izan ere, herrien kartzela bihurtu duten demokrazia hori ideologiatzat hartu izan dute betidanik eta ez egunero sakonduz eta hobetuz joan behar den praxi politiko gisa. Hain justu, historiak erakutsi digu Periklesengandik hasi eta Estrasburgoko Parlamentura arte demokrazia deituriko sistema horren aplikazioak askotarikoak izan direla, zeinak demokraziarekin zerikusi gutxi izan duen askotan.

Horregatik, herri honek bestelako demokrazia eredu bat behar du. Erabaki politiko sendo eta zentzudunak behar ditu. Inoiz baino gehiago, zer izan nahi duen eta nolako egiturak nahi dituen erabakitzeko eskubidea baitu; bere geroa pentsatzen joateko premia handia du; herri honek erabaki politiko garrantzitsuak behar baititu ekonomia arautzeko, jendeen bizi-maila ziurtatzeko, gatazkaren ondorioei eusteko zein egiazko kultur eta hizkuntz politikak ezartzeko. Subjektu politikoa eratzen joan dadin kontzientzia kulturala politizatu eta politika kultur kontzientziaz txertatu beharko ditu. Kulturan oinarritutako nazio politikoak izaten baitira indartsuenak eta abegikorrenak.

Nik garbi dut burujabe izaten hasteko ez dagoela independentziaren zain egon beharrik. Hedapen zabaleko erresistentzia txikien jabe eginez gero, hots, desobedientzia modu ezberdinekin (instituzionala barne), inposaturiko errealitatearen ertz horiek kamustuz izango baikara, inoiz izatekotan, geure buruaren jabeago. Eta hori gaurdanik egin daiteke. Ez dago egun handiaren zain egon beharrik.

Gauzak horrela, autonomismoaren zikloarekin amaitu eta burujabetzarako zikloa ezartzen hastea urrats txikia, baina era berean handia, litzateke herri honentzat. Eta hauteskundeok hautu hori ekarri beharko lukete. Aldaketarako aldatzen hasi beharra baitago, noizbait.

Lortuko dugun guztia ezinaren ekinez lortuko dugu; baina ez dago besterik: gu geu izaten jarraitu edo haien demokrazietan espainiarrago ala frantsesago izaten jarraitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo