Baionako aparkalekuetako prezioen koherentzia eza salatzeko sinadura kanpaina
Baiona Parkings kolektiboak sinadura kanpaina abiatu du Internet bidez. Baionako Herriko Etxeak hiriko aparkalekuetan ezarritako prezio sistemaren koherentzia eta justizia eza salatu nahi ditu kolektiboak.
Idoia ERASO | BAIONA
Aparkaleku gero eta gehiago ordainarazten dituen hiri politika darama azken urteotan Baionako Herriko Etxeak. Uztailean hartutako erabakiak Champ de Foire eta Glaineko aparkalekuetan autoa uzteko eguneko euro bat ordaindu beharra ezarri du. Politika horrek epe labur zein luzera dituen ondorioak salatzeko sinadura bilketa abian jarri du Interneten Baiona Parkings kolektiboak.
Erabakia «inolako eztabaida publikorik gabe» hartu dela gogor salatu du taldeak. Baionarren artean oso harrera txarra izan du Herriko Etxearen erabakiak, eta, hala, Baionako auzapez Jean Grenetek berak erabakia berrikusteko aukera aipatu zuen joan den astean.
«Ezarritako politika epe laburrera begira hartutakoa da, alderdi ekonomikoa gailentzen du eta baionarrak doako aparkaleku baten bila itzuliak ematera behartzen ditu, horrek ekartzen duen energia kontsumo eta kutsadurarekin. Gaur egun argiki eta sinpleki inposatua izan den aparkatzeko tasa izan da politika horren azken helburua», salatu du kolektiboak abiatu duen kanpainan.
Herriko Etxearen politikan «aparkalekuen eta orokorrean urbanismo mailan dagoen ikuspegi eza» gogor salatu du Baiona Parkings kolektiboak. Horrekin batera, hirigunea autoetatik libratzeko edo bizikleta bezalako garraiobideen erabilera bultzatzeko inolako neurririk ez dela aurreikusi ere nabarmendu du Baiona Parkingsek. Hala, galdera hauek pausatu ditu kolektiboak: «Garraio publikoa benetan baliagarria al da erdigunean bizi den familia batentzat? Ez al da postal baten irudia gailentzen ari toki bizigarri batena baino?».
Hiriko alde zaharrean hainbat aparkaleku ordainaraztearen alde agertu da Baiona Parkings taldea. Izan ere, horri esker zirkulazioa arintzea lortuko litzatekeela uste du, baita hiri kanpotik erdigunera hurbildu nahi dutenek aparkaleku libreak aurkitzeko aukera izango luketela ere.
Harpidetza, garestiegia
Glain eta Champs de Foire aparkalekuak ordainarazteaz gain, uztailean Boufflers etorbideko 300 aparkalekuak ordainpekoak izatera pasa ziren. Baionarrek aparkalekua izateko duten aukera bakarra «garestiegia» deritzoten harpidetza egitea dela ere salatu du kolektiboak. Baiona Parkinsgsen eskaera www.petitions24.net/pour_une_autre_politique_de_stationnement_a_bayonne helbidean sina daiteke.