GARA > Idatzia > Ekonomia

Esnearen ekoizpen kostuek sektorea galbidera daramatela salatu du EHNEk

Sindikatuak manifestaldia deitu du ostiralerako Bilbon sektoreak bizi duen egoera salatzeko eta Lakuako Gobernuko zein Bizkaiko Diputazioko arduradunei euren kezkak helarazteko. Azken bost urteotan ustiategi txikien %25 desagertu direla-eta, sektorea galzorian dela uste du EHNEk.

GARA | BILBO

Esne sektorearen etorkizuna kinka larrian dagoela uste du EHNE sindikatuak. Horrela, euren kezka adierazteko manifestazioa deitu dute ostiral honetan Bilbon. Lakuako Gobernuaren egoitzatik abiatuta, Bizkaiko Diputazioraino ibilbidea egingo dute. Protesta amaitu ostean, txosten bat helaraziko diete bi instituzioei sektoreak bizi duen egoeraren berri emateko.

Sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, esne sektorearen bideragarritasuna kolokan dago, batik bat, pentsuak etengabe garestitzen diren bitartean, ekoizleek esnearen truke jasotzen duten prezioa eskasa delako. Ekoizpen kostuen garestitzea zerealen merkatuak nozitzen duen espekulazioaren ondorio dela gaineratu du EHNEk.

Azken hilabeteotan ganaduarentzako pentsuen prezioak jasandako gorakada azpimarratu du sindikatuak. Sojaren kasuan, esaterako, azken urtean %80 garestitu dela adierazi du. Artoa, garia eta garagarra, aldiz, %20 eta %30 bitartean garestitu dira azken bi hilabeteotan. Prezio igoera horien arrazoi nagusitzat jo du EHNEk lehengaiak «nazioarteko merkatu espekulatzaileen» baitan gelditu izana.

Ustiategien desagerpena

«Ganaduzale batek, gaur egun, gehiago ordaintzen du pentsu kiloagatik esne litroagatik jasotzen duena baino», azaldu du sindikatuak. Hortaz, pentsuak garestitzen ari diren bitartean, esnearen prezioak ez ditu ekoizpen kostuak betetzen.

Esne industriak udaberrian pairatu zuen prezioen azken jaitsiera. Ondorioz, esneagatik 0,27 eta 0,32 euro bitartean kobratzen dute baserritarrek. Sindikatuaren ustez, prezio hori oso adierazgarria da, Estatu espainolean batez beste 0,81 euro ordaintzen baita esneagatik. Esnearen prezioa, beraz, 2,7 aldiz biderkatzen da baserritik saltokira. EHNEren ustez, kontsumitzaileek ordaindutakoa baserritarrek kobratutakoaren bikoitza izateak argi uzten du «esne industriak eta distribuzio sareek darabilten gehiegikeria».

Lehengaien prezio igoerak eta baserritarrek esneagatik gero eta gutxiago kobratzen dutela ikusita, sektorea galzorira bidean da EHNEren ustez. Horren adierazle da azken urteotan desagertutako ustiategi kopurua. Horrela, 2007an 906 ustiategi zeuden Hego Euskal Herrian lau behi baino gehiagorekin. 2011 bukaerarako kopuru hori 648ra jaitsi zen, hau da, %25 gutxiago.

Bestalde, esnea industriari saltzen dioten EAEko ustiategien kasuan, normalean hamar behi baino gehiagokoak, 526tik 401erako jaitsiera zenbatu zen denbora tarte berean.

salneurri errealak

EHNEren ustez, baserritarrek ekoizpen kostuetan pairatzen dituzten igoerek esneagatik kobratutako prezioan isla zuzena izan behar dute sektoreak aurrera jarraitu ahal dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo