Amets TXURRUKA Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia
Atseden eguna
Hamar egunen ondoren... bazkaria eta siesta! Bi aste pasa dira maleta hartuta etxetik alde egin genuela; Donostiako Klasikoaren bezperan elkartu ginen taldearekin eta geroztik hemen gabiltza batetik bestera zirku ibiltari bateko partaide bagina bezala. Espainiako Itzuli hau Iruñean hasi genuenetik bederatzi etapa bete ditugu, eta hamargarrenean atseden eguna gustura asko hartu dugu!
Goizean betiko antzera jaiki eta gosaldu dugu, baina gaur maleta egin beharrik gabe. Hala, motxilan lasterketako tramankuluak sartu ordez, hotelean lasai egon gara entrenamendu txiki bat egin bitartean; une estimatua da bitartetxo hori. Baina entrenatu ondoren datorrena ez da gutxiagorako; hamar egunen ondoren mahaian jarri eta bazkaldu egin dugu!!! Gehienontzako eguneroko ekintza arrunta dena arrotza egiten zaigu guri jada, eta, bazkariaren ondorengo kuluxka, zer esanik ez! Hau plazera!
Behin siesta ondorenean eguneroko errutinara itzuli behar dugula ohartu gara, giharrak puntuan jartzeko masajea, pasta platerkada eta ohera, biharamunean berriz ere zeregina daukagu eta!
Eguna amaituta, aparteko ezer ez dugula egin esan dit lagun batek, baina ez dakizue benetan nolako poza dakarkigun egun «arrunt» bat izateak... Askotan, arrunta den hori bera da gehien eskertzen dena!