Etsaia etxean, etxeratzeko estrategia airean
Soldadu okupatzaileak inoiz ez bezalako kopuruetan hiltzen ari dira ustezko aliatu afganiarren eskutik gimnasioan, urrutiko kontrol postuetan lo, patruilatik itzuli ostean base militarrean afaltzen... direla. Haien familientzat kolpe latza da emozionalki, eta, gerra unitateetako soldaduen moralarentzat, ondorio suntsigarridun danbatekoa. Ziurrenik gehiegi da eraso guztiok talibanen infiltrazioari egoztea, eta denetariko argudioak izan litezke gertatzen ari dena azaltzeko: estresa, gerrak eragindako nekea, antagonismo pertsonal eta kulturala, momentuko beroaldiak argudioak kalaxnikov bidez inposatzera ohituta den gizarte batean... Hori bai, hilketok talibanen erasoak ez badira, ondorio are larriago batera hel daiteke: jada hamarkada luze bat dirauen gerra honetan okupatzaileak zenbateraino gorrotatzen dituzten erakusten dute eraso suizida espontaneo hauek -erasotzaile gehienak tirokatuta hiltzen dira-. Kontuak kontu, gerra luzeagoa, gogorragoa eta bihozgabeagoa egin ahala, are eta zailagoa izango da afganiarrek okupatzaileek aldaketa positiboa ekarri dutela uste izatea.
Talibanek propagandarako altxor ezin hobea aurkitu dute errealitate honekin. Eta afganiar polizia eta armadaren prestakuntza ardatz duen okupatzaileen estrategiarentzat -2014rako aurreikusten du indar okupatzaileen etxeratzea-, mehatxu izugarri serioa da. Etxeratzea airean uzten du, eta, garaipenaren erretolika, ezerezean.