GARA > Idatzia > Euskal Herria

Estatu espainolak ez duela torturaren aurka behar beste egiten salatu du AIk

Hiru epaitegi desberdinek Estatu espainolak tortura salaketak ez dituela ikertzen agerian utzi dute azkenaldian. Hori dela eta, Amnesty International (AI) taldeak Estatu espainola eskas aritzen dela jarduera honen kontra nabarmendu zuen.

GARA | MADRIL

Amnesty International (AI) nazioarteko erakundearen arabera, torturaren aurka ez du behar besteko ahalegina egiten Estatu espainolak.

AIk nabarmendu duenez, hainbat auzitegi eta erakundek argi utzi dute azkenaldian indar polizialen jarduerak ez direla behar bezala ikertzen Estatu espainolean.

Lehenik eta behin, maiatzaren 23an, Nazio Batuen Torturaren Aurkako Batzordeak Estatu espainolak torturaren aurkako nazioarteko hitzarmena ez duela betetzen adierazi zuen, 2011n Orkatz Gallastegik aurkeztu zuen salaketa ez zuelako behar bezain ongi eta sakon ikertu. Horrekin batera, ekainaren 18an, Auzitegi Konstituzionalak Ruben Villak aurkezturiko helegitea onartzen zuen epaia kaleratu zuen. Polizia espainolak 2010eko urrian atxilotu zuen Villa Sestaon eta torturatua izan zela salatu zuen. Estatu espainolak, ordea, ez zuen salaketa behar bezala ikertu.

Atxilotu zituztenean, bai Gallastegi bai Villa inkomunikatuta izan ziren. AIk gogoratzen duenez, nazioarteko eragile ugarik inkomunikazioak tortura bultzatzen duela salatu dute.

Bi euskal herritarron kasuarekin batera, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Estatu espainola zigortu zuen Mallorcan atxilotutako Beauty Salomon nigeriarrak eraso eta irainak jaso ondoren aurkeztutako salaketa ez ikertzeagatik.

Horiek horrela, tortura salaketak ikertzeko erakunde independente bat martxan jartzea eskatu dio Madrili AIk, 2001ean Torturaren Aurkako Europako Batzarrak gomendatu bezala. Poliziei tortura onartezina dela argi eta garbi utzi behar zaiela eta horrelakoak egiten dituztenak zigortuak izan behar direla ere nabarmendu du nazioarteko taldeak.

inkomunikazioa

Atxilotuen inkomunikazioak bereziki kezkatzen du Amnesty International erakundea. Salatu duenez, Estatu espainolak ez du kontuan hartzen Nazio Batuek inkomunikazioa ez erabiltzeko egindako gomendioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo