Udate
Erandio festa giroan murgilduko da gaur San Agustin jaien hasierarekin
Iazko egitarauan Erika Bilbao Erandioko presoaren argazkia argitaratzeagatik epaitutako herritarrak gogoan, gaur hasi eta igandean bukatuko dira Erandioko San Agustin jaiak. Egitarau zabala antolatu dute jai batzordeko kideek: kontzertuak, lehiaketak, umeentzako ikuskizunak...
Jon ADAN | ERANDIO
Erandioko jai batzordeak gaur 13.00etan botako duen txupinazoak emango die hasiera igandera arte iraungo duten aurtengo Erandioko San Agustin jaiei. Gaur, beste ekintzen artean, 17.30ean, Irrien Lagunekin umeentzako kanta eta dantza ikuskizuna ospatuko da Irailaren 23a plazan. Bi ordu geroago, kuadrillen jaitsiera antolatu dute Bekoetxe kalean. «Hogei kuadrilla inguru izango dira, mozorro eta karrozekin, jaien hasieran herriari kolorea emateko», Iker Jalon jai batzordeko kideak nabarmendu digun bezala.
Bihar, protesta eguna izango da, Erandioko jai batzordeko lehendakaria eta Hegoalde kultur etxeko bi kide epaituko baitituzte iazko jai egitarauan Erika Bilbao Erandioko presoaren argazki bat argitaratzeagatik. Hori dela eta, 19.30ean, «Adierazpen askatasuna, utzi Erandio bakean» lemapean manifestazioa antolatu dute metro geltokitik Irailaren 23a plazara.
«Ostegunean, goizean, kuadrillentzako antolatuta dauden ekitaldiak nabarmendu behar dira, herri kirol edota tortilla lehiaketak; biak ere, Irailaren 23a plazan», azaldu du Jalonek. Gauean, 21.00etan ospatuko den VI. Gala Afaria nabarmentzen da. «Gazte asanbladak antolatzen du, berrehun gazte inguru biltzen gara mozorro eta guzti, eta oso giro polita egoten da; merkatu zaharrean izango da», dio Ikerrek.
Gazte eta mozorro egunak
Ostiralean, Mozorro Egunean, Irailaren 23a plazan ospatuko den herri bazkaria nabarmendu behar da, baita 21.00etan antolatuko kuadrillentzako play back lehiaketa ere. Gauerdian, bestalde, Canteca de Macao eta Ze Esatek! taldeek kontzertua eskainiko dute plazan.
Larunbatean, aurtengoan seigarren aldiz, Gazte Eguna ospatuko da. Hartara, herriko gazteek 13.00etan jai parte hartzaileen aldeko murala margotuko dute; ondoren, txosnetan bazkaria antolatu dute. Bestalde, 20.00etan, Uxue Alberdi, Alaia Martin, Jone Uria eta Unai Iturriaga bertsolariak arituko dira plazan. Gauerdian, txosnetan, KOP eta Izargi taldeek kontzertua eskainiko dute.
Igandean, jaiekin bukatzeko, 17.00etan, Arriaga aldapan ospatuko den goitibeheren jaitsiera nabarmendu du Jalonek: «Inguruko herrietako jendea etortzen da parte hartzera eta giro oso ona izaten da». Hartara, jaiez gozatzeko eta Erandiora hurbiltzeko deia egin zuen.
Azken urteotako ildoari jarraituz aurten ere jai parte hartzaileak bultzatu nahi izan dituzte. «Erandion gutxi egiten da euskaraz, eta jaietan euskararen presentzia nabarmendu nahi dugu. Berbots euskara elkartea arduratuko da horretaz», azaldu du Iker Jalon jai batzordeko kideak.
Aurtengo lau txosnak polikiroldegi ondoan kokatuko dituzte. Barrakak, aldiz, merkatua egiten den lekuan. Bestalde, aurten Erandioko jaien euskarazko abestia atera dute. «Erandio pasahitza» du izena eta Izargi taldeak egin du.