GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elorrioko Ferixa Nausikoak hemen dira

Irailarekin batera, Ferixa Nausikoak heldu dira Elorriora. Hilaren 10era arte, debekuak alboratu eta ederki pasatzeko aukera izango dute elorriarrek. Elorrioko Kirol Taldeko kideek emango diote jaiari hasiera, gaur, arratsaldeko zortzietan jaurtiko den txupinazoarekin. Aurretik, hamar egun eta gau, arazoak, kezkak eta ordutegiak albo batera uzteko momentu batez, 1751. urteko, Elorrioko lehendabiziko Ferixa Nausiko, izpiritu berarekin.

p019_f02.jpg

Mikel PASTOR | ELORRIO

261 urte pasa dira Elorrioko herriak lehendabiziko Ferixa Nausikoak ospatu zituenetik. Ia hiru mende. Tartean, gertakari historiko mordoa, Euskal Herrian zein mundu mailan. Halere, gaur, arratsaldeko zortzietan plazara gerturatzen den elorriar orok, betiko espiritu parrandazale eta umoretsuarekin hartuko ditu aurtengo jaiak.

Elorrioko jaien motorra martxan jartzearen arduradunak Kirol Elkarteko kideak izango dira aurten. Modu horretan, udaletxeak «omenaldi berezia eskaini nahi die herriko kirol-elkarte guztiei».

Jai Batzordeko Txanok zehaztu bezala, aurtengo jai egitaraua «oparoa eta zabala» izango da, «gustu eta adin guztietako pertsonek gozatzeko aukera izan dezaten».

Txupinazoa jaurti aurretik sekulako giroa espero da herrian zehar, urtero bezala. Ordiziatik etorritako zenbait erraldoi eta buruhandik kalejira egingo dute kaleak alaitzeko.

Danborrak protagonista

Urtero bezala, Elorrioko ekitaldirik azpimarragarrienen artean izango da danborrada tradizionala. Plazan hasiko da, gaueko hamaikak aldera, eta jendetza biltzea espero da tradizio honen inguruan.

Aipatu bezala, Ferixa Nausikoak izenaren jatorria ezagutzeko, XVIII. mendera jo behar dugu, 1751. urtera, hain zuzen. Urte hartan egin baitzen, lehendabiziko aldiz Elorrion, sei eguneko feria (abuztuaren 27tik irailaren 1era, biak barne).

Hurrengo urtean esperientzia errepikatzea erabaki zuten elorriarrek, baina kasu honetan, irailaren 1aren ondorengo igandea ere barne hartuz. Pixkanaka, tradizioa indartuz joan zen, gero eta jende gehiago bilduz. Frankismoan debekatuta egon eta gero, zenbait elorriarrek Ferixa Nausikoen espiritua berreskuratzea erabaki zuten. Hortik aurrera, datak zertxobait aldatuta, jai herrikoiak sustatzen saiatu dira.

Gazteak, goiztiarrenak

Nerbioak jota edo, gazteek ez zioten txupinazoari itxaron, eta atzo ospatu zuten aurtengo Gazte Eguna. Egitaraua oparoa izan zen oso, umeentzako tailerrak, herriaren inguruko gazte tribial deigarria, eta honelako egunetan klasikoak diren poteo eta bazkari herrikoiak. Parrandak gauera arte iraun zuen, Gorantz Erori Proiektua eta Namek Planet taldeek txosnetan egun borobila itxi arte.

krisia

Aurtengo Ferixa Nausikoetan ez da kontzertu erraldoirik izango. Dirua eskas da, eta hortaz, beste perfil motako kontzertuak bilatu dira. Bebe abeslaria izango da ezagunena beste urtetan baino egitarau apalagoa duten aurtengo jaietan.

gazte eguna

Txupinazoaren zain ezin egon, eta gazteenek atzo eman zieten jaiei hasiera. Ekintza anitzez beteriko egitarau oparoa izan zuten, Namek Planet eta Antxon-Gorantz Erori taldeen kontzertuekin amaitu arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo