GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kasazio Auzitegiak ez du ontzat eman Manu Azkarate estraditatzeko Pauekoaren deliberoa

Arantxa MANTEROLA |

Joan den maiatzaren 29an Paueko Dei Auzitegi Bereziak Manu Azkarate estraditatzeko hartutako erabakiaren kontra tolosarrak berak jarritako helegitea aintzat hartu du Kasazio Auzitegiak. Horrenbestez, Pauekoaren deliberoa hautsi egin du, baina, haatik, estradizio eskaera ez da bertan behera geratuko.

Kasazio Auzitegiaren erabakia abuztuaren 22koa den arren, Manu Azkarateren abokatuak ez du oraindik autoa eskuratu. Hortaz, ez daki zehazki defentsak aurkeztutako zein argudiotan oinarritu duen bere ebazpena Kasazio Auzitegiak. Halere, segurua da formazko akatsak aurkitu dituelako hartu duela erabakia, izan ere, epaitegi horrek prozedura era egokian bete den bakarrik aztertzen du.

Azken urteotan euskal militanteen kasuetan aurkeztutako antzeko helegiteetatik oso gutxi hartu ditu aintzat Kasazio Auzitegiak. Azkenetakoa Joseba Agudo abokatuarena izan zen, Pauek bere kontrako euroagindu eskaera onartu ostean epaitegiak ezeztatu egin baitzuen. Hala eta guztiz ere, Bordeleko Auzitegiak berriro aztertu zuen erabakia eta hark hartutako deliberamenduari jarraiki Espainiaratua izan zen aste batzuk geroago.

Prozedura berria

Azkarateren inguruko ebazpena edozein delarik ere, oraindik ezagutzen ez den beste auzitegi batek aztertu beharko du azkenean bere kontra Espainiako Auzitegi Nazionalak hasiera batean egindako estradizio eskaera, xede horrekin prozedura berria abiatu ostean. Bitartean, Azkaratek behin behineko askatasunean segituko du, Paueko Auzitegiak ezarritako kontrolpeko neurriak betez. Izan ere, Polizia frantsesak martxoaren 7an Ziburun atxilotu zuelarik epaitegiak aske uztea erabaki zuen bere osasun egoera dela-eta.

Preso ohiak eritasun kroniko larria du eta etengabeko zaintza behar du. Arrazoi horrengatik, hain zuzen, Estatu espainolean betetzen ari zen espetxe-zigorra eten eta aske utzi zuten baldintzapean, 1992an. Alta, 2004ko urtarrilean berriro atxilotu zuten, Javier Gomez Bermudez Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentraleko epailearen aginduz, baina hilabete batzuk geroago aske jarri zuten arrazoi berberagatik. Orduan bezala, kontrol neurriak betetzen ez zirela argudiatuta abiatu zuen Madrilek oraingo estradizio prozedura.

Martxoan atxilotu zutenean, tolosarrak hilabete batzuk zeramatzan jada Lapurdin bizitzen eta lan egiten. Garai hartan berak adierazi zuenez, «normaltasunez, helbide jakinarekin, mediku kontrol eta kontsulta etengabeen pean bizi den pertsona baten atxiloketa operazio inportantea bezala aurkeztea gehiegikeria» izan zen.

Hainbat hedabideetan izandako oihartzuna ikusita, «Perrexil irlaren konkistaren balentria itzel hura» gogorarazten ziola gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo