GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

DENBORA BERRIA EUSKAL HERRIAN

Preso ohien arazoei aurre egiteko sortu da Harrera

Etxera itzuli ostean, errealitatea ametsen gainetik nagusitzen zaie preso eta errefuxiatu askori. Batzuetan ikasketarik gabe, gehienetan kotizaziorik gabe, ia beti lanik izan gabe, egunerokoari aurre egin behar diote. Arazo zabala eta larria da, aspaldikoa, baina horri heldu dio Harrera elkarte berriak aro berri honetan. Gizartearekin egin nahi du... eta abian da.

p004_f01.jpg

ETAren jardun armatuaren bukaeraren ondoren Euskal Herrian sor zitekeen arazoari erreparatu zion David Miliband Londreseko ministro laborista ohiak adierazpen mamitsu batzuetan: «Europak ez ditu ETAren aldeko izandako ehunka lagun, etorkizunik gabe eta haserre, kale gorrian behar». Arrisku horri aurre egin zioten Irlandan, Ostiral Santuko akordioetan konpondu baitzen. Euskal Herrian ez da momentuz horretarako biderik ireki, baina aldi berean, begi bistakoa da konponbide prozesurako aurrerapausoak daudela, eta honek, laster ala berandu, preso eta iheslariak etxeko bidean jartzen dituela. Azken hilabeteetan itzuli direnak lekuko.

Arazo ikusezina baina larria da errepresaliatu ohi horietako askoren egoera. Ez da gauza berria, baina lehentasuna hartzen du ezinbestean denbora berri honetan. Eta zezen horri adarretatik heltzeko sortu da Harrera Taldea. «Elkarte asistentziala» gisa eratu zuten apirilean, eta ekainetik guztiz legala da, bere idazkari, diruzain eta abarrekin. Baina ez hori bakarrik: lanean hasi da eta errepresaliatu ohien egoera konpontzeko hainbat emaitza lortu ditu dagoeneko.

Lan eskerga du aurretik Harrerak, Ander Iturriotz presidenteak eta Juan Karlos Ioldi presidenteordeak GARAri nabarmendu diotenez. Konpondu nahi dutena, askotan ikusi ere egiten ez den arazoa baita: «Lehenengo unean laguntza handia jasotzen du preso edo errefuxiatu ohiak, jende asko du inguruan, tartean inoiz ezagutu ez dituen pertsonak ere». Baina astebetea pasa da, hilabetea pasa da, urtea... eta gauzak ez dira berdinak, inolaz ere. Lagunek beren familiak dituzte, lana aurkitzeko zailtasunak pilatzen dira, paperak egin behar dira, alokairua bilatu... «Baten batek esan dit erosoago zegoela kartzelan kalean baino», esanez laburbiltzen du Ioldik.

Pentsatu, erabaki eta ekin. Arazoari heldu diote lagun askok azken hilabete hauetan eta orain azaleratzen da beren lana. Pasa den urteko urrian egindako lehenengo batzarrean helburuak finkatu ziren, baita plangintza osatu ere. Ekainean berriro elkartu ziren antolakunde mota zehazteko. Guztira 200 preso ohi baino gehiagok hartu zuten parte. Eta hortik, lanera buru-belarri.

Prozesuan errotutako ekimena

Esan daiteke orain artean «harrera» lan hau norberaren esku zegoela. Preso eta iheslari izandakoen aldeko elkartasuna ez da inoiz falta izan Euskal Herrian, baina tresna egokirik eta antolamendu finkorik gabe gauzatzen zen. Harrera Taldeak argi uzten du ekimena Euskal Herrian abiatutako prozesuan dagoela errotuta, duda izpirik gabe. «Hemen gabiltzan guztiok garai berri honekiko konpromisoa dugu, barne eztabaidan parte hartu dugu eta nonbait gure esparrua garai berri honetara ekarri izan dugu -aipatzen du Ioldik-. Honek ez du esan nahi eztabaida politikoan arituko garenik, ez gaude horretarako. Baina badakigu nondik gatozen, non gauden eta nora goazen ere». Ildo beretik, Harrera Taldea garai berrietara egokitzeko beharretik sortzen dela onartzen dute, «tresna batzuk desagertzen diren bezala, beste batzuk sortzen direlako».

Beharra nabaria dela adierazteko, nahikoa da ikustea Estrasburgoko Auzitegiak «Parot doktrinaren» aurkako epaia berretsiko balu dozenaka preso aterako liratekeela goiz ala berandu; dozenaka pertsona gehiago, askotan adinekoak eta kartzelatan urte asko emandakoak, bat-batean kalean...

Prozesu politikoaren ezinbesteko ondorio gisa ere, mugak apurtzeari ez diotela beldurrik eransten dute. «Sektarismorik gabe egiten dugu lan», nabarmentzen dute. Dagoeneko hainbat alderdi, sindikatu, enpresa eta enpresa erakunderekin batzartu dira, elkartearen aurkezpena egin, helburuak jakinarazi eta haien ikuspuntua ere jasotzeko. «Predisposizio ona nabari dugu orokorrean, poztu egin gaitu eta eskertzen dugu. Izan ere, hau ez da pertsona baten arazo bezala hartu behar, ezta ezker abertzalearen arazo bezala ere, gizarte oso baten kezka izan behar da».

«Sektore ahula da hau»

Puntu honetan, krisialdi ekonomikoak ez duela gizarteratzeko prozesu horretan batere laguntzen mahai gainean jartzen da GARAk Andoni Iturriotz eta Juan Karlos Ioldirekin izandako elkarrizketa honetan. Lana aurkitzea, gehienbat, ez da batere xamurra egun. Harrera Taldekoek argi uzten dute preso eta errefuxiatu ohi hauek ez dituztela «lehen mailako langabetzat» hartzen, baina objektiboki badirela hainbat ezaugarri «sektore oso ahula» izatea eragiten dutenak. Kasu askotan formakuntza falta gertatzen da, lana aurkitzea zailago egiten duena. Horrez gain, ukaezina da espetxean zein ihesean ibilitakoek ez dutela kotizatzeko aukera handirik izan, honek dakartzan ondorio ekonomiko larriekin. Espetxealdiak etengabe luzatzearen espetxe politikaren erruz, preso asko adinean sartuta ateratzen direla kartzelatik erants daiteke; horrekin batera osasun arazoak ageri dira, lanpostua aurkitzeko aukerak murrizten dira, eta familiarekiko harremanak askotan eten egin dira ordurako, Iturriotzek aipatzen duenez.

Arazoa, beraz, ez da nolanahikoa. Preso ohia jendarteko foku handi horretatik desagertu ondoren, eta hau askotan oso azkar gertatzen dela ziurtatzen du Ioldik, errealitatearekin talka egiten dute bortizki urte askotan ziegetan puztutako ametsek. «Depresioak gerta daitezke, alkoholismoa...», aipatzen du. Jaiki Hadi elkarteak arreta ematen die kasu horiei, baina orain Harrera eskaintzen hasi den laguntza integralagoa da.

Protokoloa, emaitzak eta bazkideak

Baina, nola eragiten du Harrera Taldeak, gatazkaren ondorioak pairatu ostean, etxera alai baina esku hutsik itzuli den pertsona baten alde? Hainbat atal sortu ditu horretarako. Hasteko, protokoloa zehaztu du hasierako unerako, Ioldik azaltzen duenez: «Lehen harrera egiten diogu, zer moduz dagoen galdetu, zein behar dituen... eta hemen gaudela jakinarazten diogu». Gero, jakina, preso edo errefuxiatu ohi horrek erabakitzen du laguntza behar duen ala ez.

Arlo administratibo-juridikoa dator gero. Izan ere, pertsona horrek uste baino tramite gehiago bete beharko ditu kalera bueltatzeko orduan: nortasun agiria atera, gidatzeko karneta lortu, INEM edo Lanbiden izena eman, etxea bilatu... Bizitza duina eraman ahal izateko, bere soldata ere bilatu beharko du, noski. Formakuntza eta Lana izeneko arloak lagunduko du horretan. Norberaren ahalmenaren araberako erabakiak hartu behar dira. Formakuntza behar duenarentzat, aukera bada hainbat lanbide eskolatan, Harrera Taldearen eraginez; horretarako espetxetik atera ondoren hamazortzi hilabetez dagokion laguntza, «subsidio de excarcelación» delakoa (hilero 420 euro inguru baino ez), bideratzen du preso ohiak. Lana izatea izango da hurrengo erronka, hainbat kasutan -dozenaka- dagoeneko lortu den helburua. Horretan segitzen du eta segituko du Harrera Taldeak, ate guztiak joaz inolako konplexu eta aurreiritzirik gabe.

Guztiari oinarri ekonomikoa ematea aurretik dituen eginbeharretako bat da. «Eta ez elkarteak irauteko -zehazten du Ioldik-, pertsona horien beharretara jartzeko baizik: alokairua bilatu behar dutela, hortzetako ebakuntza behar dutela...». Bazkideak beharko dituzte horretarako, ezinbestean, eta laster abiatu dezakete kanpaina. Esaterako, Oñatin aurkezpen hitzaldia egingo dute asteartean.

Preso eta errefuxiatu ohi askoren arazo ekonomikoak aipatzen direla, egoera oso paradoxikoak gertatzen direla ere jartzen dute mahai gainean. Esaterako, etxean baina arindutako espetxealdian dauden gaixo diren presoena: «Kartzelan zaudenean gauza batzuk behintzat bermatuta dituzu. Baina kalean, nork bermatzen dizu otordua, edo alokairua?». Berriro ere, kanpotik ikustezin eta askotan pentsaezin diren egoerak, baina egunerokoan gertatzen direnak eta Harrera Taldeak ahal den neurrian konpondu nahi dituenak. Konponbide prozesua iparrorratzat hartu eta, aldi berean, konponbide prozesua erraztea helburu.

Ramon SOLA

preso

politiko izan dira Euskal Herrian 1958. urtetik hona, Harrera Taldeak bildutako datuaren arabera. Honek azaltzen du jende multzoaren neurria zein den, eta kaleratu osteko arazoaren tamaina.

160

preso

aske gelditu dira 2011. urtetik hona, eta hauei laguntzeko lanari ekin dio beraz Harrera Taldeak, aurrerantzean atera daitezkeenen kopurua handia izan litekeela ere bistatik galdu gabe.

8.000

preso

politiko izan dira soilik 1978. urtetik hona. Gaur egun 610 inguru dira frantziar eta espainiar espetxeetan daudenak, beraz gainerakoek gizarteratzeko prozesu hori osatu behar izan dute.

ANDONI ITURRIOTZ, «izokina» eta elkartasun eredu

Harrera elkarteko presidente ez ezik, Andoni Iturriotz Escudero elkartasun eredu honen adibide ere bada. Parisen enpresa gizon garrantzitsua izan ondoren, Euskal Herrira itzuli eta Anai Artean zein Harreran buru-belarri dabil. Bide batez, ekimena nazionala dela nabarmentzen du bere ekarpenak.

Baina merezi du bere historia aitaren historiatik hasteak. Andonik ez zuen hau jakin Manuel Iturriotz zendu arte (inori esan gabe, memoriak idatzi zituen aitak, gero Alberdaniak argitaratuko zituenak). Orexan jaio ondoren, 36ko gerran egin zuen borroka, Santanderren atxilotua izan arte. Aske gelditu ondoren, nazien aurkako gerrateak harrapatu zuen bete-betean eta Comète sareko kidea izan zen. 1942ko apirilean harrapatu eta Irungo komisariara eraman zuten; bertan, besteak beste, Meliton Manzanasek torturatu zuen. Baina ihes egitea lortu eta Artikutzara heldu zen. Bertan bizirik atera zen, bertako neska batekin ezkondu eta Andoni jaio zen.

Handik, Parisera. Bertan hazi zen Harrerako presidente dena. Informatikaren hastapen garaietan horretan sartu eta 5.000 laguneko enpresako jabea izatera heldu zen. Langileek saldu ostean, jadanik 6o urte zituela, itzuli egin da, «izokina banintz bezala», Senperera. Kultur eragile da bertan, baita elkartasun emaile ere.

36

preso

160 horietatik 36 daude baldintzapeko askatasunean, eta ondorioz horien egoerak zailtasun erantsi batzuk baditu. Gauza bera esan daiteke espetxealdi arinduaren bidez etxean daudenei buruz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo