UDAZKENEKO LITERATURA NOBEDADEAK
Udazkeneko literatura uzta, bost nobela eta ipuin-liburu ugari
Kirmen Uribe, Mikel Antza, Alberto Ladron Arana, Karlos Linazasoro eta Itxaso Araque dira udazkenerako nobela ziurtatu duten idazleak. Hilabete hauetarako nobedadeak prestatzen ari dira Euskal Herriko argitaletxeak.
Ane ARRUTI | BILBO
Lanean harrapatu ditugu editoreak, azken ukituak ematen, batzuk oraindik argitalpenen tituluak erabaki gabe eta gainerako argitaletxeek zer gordetzen ote duten galdezka, jakin-minez. Udako irakurgaiak albo batera utzi eta udazkeneko uzta ia-ia prest dute. Oraingoz ez dute «durangitis»-aren sintomarik, «etorriko da hori ere, urtero bezala». Epe laburrean plazaratuko dituzten lanen aurrerapen bat eskatu diegu, eta «dena kontatu ezin» badute ere, hona aperitiboa.
Nobelei dagokionean, Kirmen Uribe, Mikel Antza, Alberto Ladron Arana, Karlos Linazasoro eta Itxaso Araque izango dira udazken honetako autoreak. Uriberen bigarren eleberriak zehazteke du oraindik titulua eta «Bitartean heldu eskutik» (2001) bere poema liburua bezala, Susa argitaletxeak plazaratuko du azaroan. 36ko Gerran eta II. Mundu Gerrako urteetan abiatu eta gaur eguneraino eramango gaituen kontakizuna osatu du ondarroarrak. Izan ere, 1937ko maiatzean Santurtziko portutik erbestera ateratako milaka haurretako bat izango du protagonista. Carmenek, zortzi urteko neskatoak, idazle baten etxean hartuko du babesa eta honen bizitza erabat aldatuko da neska ezagututa. «Elkartasuna, engaiamendua, maitasuna, oroimena eta behin hartutako erabakien atzeraezintasuna jorratzen ditu», azaldu zuen Gorka Arrese editoreak.
Mikel Antza euskal preso politikoak ere bigarren nobela argitaratuko du urriaren bukaeran. «Ospitalekoak» idatzi zuen 2010ean eta Susarekin aurkeztuko du «Atzerri» izenekoa ere. Aurreratu dutenez, idazle baten bizipenak kontatzen ditu, beste idazle bati kartzelatik ihes egiten lagundu dionetik atzerrian bizi dena, «lanbiderik gabe, herritik urrun, lehen hain jori sortzen zitzaizkion istorioak asmatzeko ezindurik». Zalantzak sortuko zaizkio, «nori esango dio literatura borroka egiteko tresna bat dela, berak ere hori sinesten ez badu?», eta erabakia hartu beharko du: idatzi edo borrokan jarraitu.
Alberto Ladron Aranak Elkarrekin argitaratuko du irailean «Piztiaren begiak» nobela. Kartzelan urteak pasatu eta gero, iraganeko zorrak garbitu nahi dituen gizasemea izango du batetik eta, negozio ilunak tarteko, postutik baztertu zuten eta bere bizkarra zaindu behar duen polizia, bestetik, bata bestea harrapatu nahian.
Beilatoki baten izena jarri dio, bestalde, Karlos Linazasorok bere eleberriari, «Bertan goxo». Haren inaugurazioan xelebrekeriaz betetako festa bat egingo dute, «barrearekin batera zer pentsatua ere emango digutenak». Elkarrek aurkeztuko du, baita azaroan Itxaso Araqueren «Damutzen ez direnak» ere. Donostiar gazteak Agustin Zubikarai beka irabazi zuen lan hau idazteko eta hiru hiritan bizi diren hiru pertsonaia aurkituko ditugu bertan.
Ipuin liburu mordoxka
Idazle dezente izan dira helduentzako ipuin laburren hautua egin dutenak. Txilikuk «Piztiarioa» (Elkar) aurkeztuko du urrian. Alfabetikoki ordenaturik, letra bakoitzean izaki mitologiko edo kondairazko bat deskribatzen du, eta beste bat benetakoa, zoologoek katalogatua baina animalia legendarioak baino sinesgaitzagoa gerta litekeena.
«Idazten ari dela idazten duen idazlea» (Elkar) izango da Iban Zalduaren ipuin metaliterario liburua, «inteligentziaz eta ironiaz» betea. Karmele Jaiok, berriz, «Ez naiz ni» (Elkar) aurkeztuko du, bere hirugarren ipuin bilduma. Bertol Arrieta zarauztarrak ere ipuinekin jarraituko du; urrian aurkeztuko du «Alter Ero» Susarekin. Txalapartak ere ekarriko ditu ipuinak, kasu honetan Basauriko Euskarabila ipuin erotikoen lehiaketaren irabazleak bilduko ditu beste behin «Esku hori» liburuan.
Bestelako bilduma osatu du Pamiela argitaletxeak: Joxemari Iturralde tolosarrak 2001 eta 2011 bitartean GARA egunkariko «Mugalari» gehigarrian argitaratutako artikuluak bilduko ditu «Kaleidoskopioa» liburuak.
Poesiari dagokionean, azaroan bi liburu iritsiko dira. Batetik, Hedoi Etxartek Susarekin argitaratuko du oraindik izenburua zehazteke duen bere bigarren poema liburua. Castillo Suarezek, berriz, «Urtebetetze festa» deitu du bere azken poesia bilduma eta aurrekoen ildotik, «esandakoaren eta esan gabekoaren arteko kontrastearekin jokatzen du», Elkarretik azaldu zutenez.
Ez-fikzioaren eremuan, «Barkamena, kondena, tortura», titulu zuzen bezain argia darama Joxe Azurmendik irailean Elkarrekin kaleratuko duen saiakerak. Azken urteetan idatzitako hiru saiakera labur bildu dira lan honetan, «eta hiruretan ere hari bat: garai batean Eliza bezala, gaur egun Estatua ari dela bihurtzen gure kontzientzien kontrolatzaile zuzen eta zorrotza, komunikabide lagunen eta ustezko intelektualen kolaborazio ezinbestekoz», azaldu zuten.
Bestalde, «Tripoli-Kabul» kronika aurkeztuko du Karlos Zurutuza GARAko kolaboratzaileak Gaumin argitaletxearekin. Gerra jasan duten familien testigantzak bildu ditu bertan. Txalapartak, berriz, Asier Huegun eta Gari Udaberen «Kolonbian bahiturik: 74 egun ELNren esku» testigantza liburua argitaratuko du urrian, 2003ko gertakariak gogoratuz. Tene Mujika beka irabazi zuen Ainara Gorostizu kazetariak, berriz, «Aldamenekoa» (Elkar) erreportaje bilduma dakar, Euskal Herriko immigrazioari buruzkoa.
Euskarara ekarriak
Galiziako argitaldariek 2007an urteko liburu onenaren saria eman zioten Sechu Senderen «Made in Galiza» euskaratu du Txerra Rodriguezek Txalapartarekin, eta hil honetan kaleratuko dute.
Elkarrek ere baditu hainbat itzulpen. Jonathan Swift irlandarraren «Gulliverren bidaiak», Iñaki Mendigurenen eskutik; eta 2011ko Literaturako Nobel saria irabazi zuen Thomas Trastrommer poeta suediarraren poema liburu bat, Juan Mari Aguirreurretak euskaratuta. William Shakespeareren «Hamlet» antzerki ezaguna ere itzuli du Juan Garzia Garmendiak.
Igela argitaletxeak ere badu eskaintza udazkenerako. Andrea Camilleriren «Uraren forma», Lorenza Mazzetti zine-zuzendariaren «Zerua gainbehera dator» eleberri autobiografikoa, Phillippe Claudelen «Ikerketa» misteriozko nobela eta Ian McEwan idazle britainiarraren «Hoben-ordaina».
Aipatzekoak dira, baita ere, formatu bereziko argitalpenak. Pamielak hainbat album ilustratu aurkeztuko ditu Kalandraka argitaletxearekin batera; Txalapartak Oier Guillan eta Asier Sarasolaren «Hura ez da lekua» aurkeztuko du, Idoia Bereterbideren irudiekin eta, ziur aski, multimedia formatuz lagunduta; Gaumin argitaletxea, berriz, euskal mitologiaren inguruan, testuak, argazkiak eta musika izango dituen «Itzalen sua» proiektuan ari da lanean, Fernando Morillo eta Xanti Rodriguezekin.
Edo argitaletxea ere orain estreinatuko da eta urte honetako egitasmoen artean bost proiektu ditu: Maite Gurrutxagaren lan grafikoa, Gari Garaialderen argazki liburua, «Gen Eroa deseraikitzen» artikulu bilduma, «Eta Karmele?» antzerkia eta Harkaitz Canoren hitzaldi bat.
Gaztelaniaz ere izango da zer aukeratua. Marie Jose Basurcoren «La exiliada» nobela ekarriko du Txalapartak, autobiografikotik asko duen istorioa, baita «Armado y peligroso» ere, Euskal Herriko bake prozesuan Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kide den Ronnie Kasrils politikari hegoafrikarraren autobiografia. Saiakeren arloan, Iñaki Egaña eta Giovanni Giacopuzzik «La construcción del enemigo: ETA a la vista de España» aurkeztuko dute; Javier Drondak «Con Cristo o contra Cristo: Religión y movilización antirrepublicana en Navarra 1931-1936»; eta autore ezberdinek osatutako «Patria y libertad: Los vascos en las Guerras de independencia de Cuba 1868-1898».
Hiru argitaletxeak ere bi nobedade ditu udazkenerako: «Spinoza y la multitud (El resto falta)», Juan Pedro Garcia del Camporen antzerki lana; eta Marcel Mariën belgikarraren «Teoría de la revolución mundial inmediata» (1958) itzulpena.
Oraindik zehazteke dauden lanak, Bernardo Atxaga bukatzear den baina noiz argitaratuko duen ez dakigun «Nevadako egunak», aipatu gabe gelditu diren argitaletxeak... Joango gara pixkanaka argitzen. Hiru hilabete eskas gelditzen dira Durangoko Azokarako -baina aurretik ere irakur daiteke-.
Txilikuk, Iban Zalduak, Karmele Jaiok eta Bertol Arrietak ipuin liburuak argitaratuko dituzte. Poesia arloan jarraituko dute Castillo Suarezek eta Hedoi Etxartek.
La autobiografía de Salman Rushdie y la biografía de Adolfo Suárez figuran entre los libros de no ficción que serán novedades el próximo otoño en el Estado español, en el que también aparecerán las nuevas obras de John H. Elliot, Eduard Punset, Noam Chomsky, Jostein Gaarder y Juan Eslava Galán. En «Joseph Anton» (Mondadori), Salman Rushdie relata el periplo sufrido tras ser condenado a muerte por el régimen del ayatolá Jomeini. Eduardo Punset publica en setiembre «Lo que nos pasa por dentro» (Destino) y la crisis económica será la protagonista de libros como «La tormenta financiera» (Destino), de George Soros; «Ocupar Wall Street. Indignados en el epicentro del capitalismo mundial» (Urano), de Noam Chomsky; o «La espada de Damocles» (Tusquets), de Petros Markaris. «El secreto de la vida» (Lumen) reunirá por primera vez el corpus ensayístico de Oscar Wilde. En las librerías se dará cita también en otoño «Aquí y ahora» (Mondadori), con la correspondencia entre el Premio Nobel J.M. Coetzee y Paul Auster en 2008-2011.
Coincidirán además durante estos meses las biografías de Adolfo Suárez de Manuel Campo Vidal (RBA), de Fraga (Debate) por Manuel Millán Mestre; de Leonard Cohen (Lumen); de Unamuno (Taurus), por Jon Juaristi; de Robespierre (Península), por Peter McPhee; de Catalina la Grande (Crítica); y de Van Gogh (Taurus), a cargo de Steven Naifeh y Gregory White Smith. También se publicarán las biografías de Isabel de Portugal (La Esfera de los Libros), de Alfredo Alvar; del dibujante Forges (Libros del Silencio), por Juan Carlos Ortega y Marc Lobato; y de Judas (Edhasa), por Régis Burnet. José OLIVA (EFE)
Joxemari Iturraldek GARA egunkariko «Mugalari» gehigarrian argitaratutako artikuluak bilduko ditu Pamielaren «Kaleidoskopioa» lanak.