Julen MURGOITIO
Purrustaden arteko egunak
Ikasturte berrian gara. Agorrila agortuta, nor berera bueltatzekoa. Eta politikari gehienak besteenera gehiago. Hazi da lehendik hasita zegoen kanpainaurrea. Aurreak erakusten badu atzea nola dantzatu pentsatu behar da pil-pileko egunak datozela urriak hogeita bat bete arte; are gehiago hortik aurrera, mahaian piperminez beteriko osagaiak izango dira eta. Euskal politikaritza berria, behingoz sukaldeko ilunetik plazako argira aterata. Honezkero batzuen elastikoa tarrat egiteko zorian da, hainbeste urte akordeoia hartuta alde bateko ertzean behintzat benetako muga ezagutu berrian. Lege zaharrak baino gehiago beharko dute batzuek datorren bueltan tropel-buru izaten segitzeko, are gehiago jainkoaren zama aldean mantenduta. Jesus eta Jose bazter uzteko asmotan ibil daitezke horiek, eta maria baino ez denarekin geratzeko ere bai. Hortaz, marihuana aipatu dudala, pozgarria egunotan iragarria, hots, mahai baten bueltan jesarriko direla Kolonbiako betiko terroristak eta betiko demokratak, gobernuan nortzuk diren zuen esku uzten dudala. Hori bai, Kolonbiatik kanpo, nonbait herrialde hartan mahaia egon bai, baina denontzako aulkiak ez; gainera, jatorrizko elikagaiak hangoak izanda ere, gaur-gaurkoz kanpoko olioaren beharra omen dute. Eta jakina zenez, ezustekorik ez, gure behean den Estatuko ohiko esatarientzat zerikusirik ez da beren iparrean aspaldidanik duten arazoarekin. Ezaguna zen lehendik ere, beheko Estatu hori is different, baina hainbeste! Hain different non laster batean estatu ere ez den izango, Egoera baizik. Hala bada, hala biz, eta ez bada, ora pro nobis.
Tira, harira! Kanpainaurrean. Eta sasoian sasoikoa, ika-mikak areagotuz doaz, alarde batean. Fraideen ikastetxeko giroa guztiz berotua ez den honetan, politikako patioan hasiak dira indartzen umeen arteko errieten antzekoak: eta zu gehiago! Ama, ama! Entzutekoak dira gero batzuen purrustada-alardeak! Nago ni politikaren karpa azpira batzuk, ofizioz, malabarista izateko sartu zirela, baina azkenean pailazo izatera ere ez dira heldu, bigarren aukera legez gogoz saiatu arren. Pailazoek irribarre sanoa sortzen dute; beste horiek, ostera, negar-gogo tristea. Baina bizidunon bi heren ura izanda ez du merezi hori malkotan alferrik galtzea. Irribarrea manten dezagun, lagun presoak dioen legez.