GARA > Idatzia > Kultura

Igeldoko hotsak eguzki galdatan

Pop-ak disdiratsu jotzen du Igeldoko jolas parkean. Kutxa Kultur festibalak eguzkia ere erakarri du bertara.

p051_f01.jpg

Anartz BILBAO

«Amablea eta egun argitan», jaialdi ezberdina izatea du xede Kutxa Kulturrek. Eguzkiari gustatu zaio erronka antza, lehena izan baita ostiralean jolas parkera iristen.

Ondarretatik Igeldorako autobusek ilara handiak sortzea eragozten dute. Luzeagoa da funikularraren zain den zale saldoa, gora egiteko, erakargarriagoa baita funikularra. Oraindik eguerdiostea, bero egiten du eta lasai dabil jendea; behin goian, irribarreak dira nonahi: zein ederra jolas parkeak eskaintzen duen ikusmira!

Kutxa Kulturrek jaialditzarren eremuan sartu du Igeldo, akaso handietan txikiena izateko -4.500 lagunetan jarri du muga eta hortxe-hortxe dabil-. Bertaratutakoek ezagutzen dute gunea haurtzarotik, baina aspaldikoekin topo egindakoan legez, oroitzapen asko berreskuratu dira aurten mendeurrena ospatzen duen jolas parkean.

Festa Naica boskoteak ireki du «Fish Taco» aurkezteko -web orrian «Igeldo jada zaharra zen gu haurrak ginenean» diote-. Jesus Sudupe eskarmentudunaren Patta & Sendaezinak-ek hartu dio txanda etxeko taldeen jarduna jasotzen duen oholtzan.

Hara eta hona dabil zalea, jolas parkeak agertzen dituen bitxitasunei so, aspaldiko sentsazioak berreskuratu nahian, eta Lourdes Hernandez espainiarra da guztien arreta bereganatzen lehena, muturra gorriz eta soineko luze erdi garden urdinxka jantzita. Agertoki nagusia martxan da Russian Red-ekin.

Emakumeak oholtza gainean

Atsegina da gaztelaniaz aurkeztu eta ingelesez kantatzen duen Hernandezen ahotsa. Belle & Sebastian taldeko zenbait kide gonbidatu ditu, argitaratuak dituen bi lanetatik ez ezik, zinemarako egin duen kanturen bat ere batera jotzeko.

Talaia paregabetik Kontxako badiaren kolore zoragarria dakusagu han behean. Ilunabarra, The Whip-en txanda. Aurretik Correosek jo du eta ondoren Lolas Clubek, pop atsegin batez hasi eta indarra hartzen doa kontua; eta orain bai, atrakzioetara jotzen ausartu da jendea. Parke-agertokia martxan den bitartean, Mendi Suitzarretik txilioak entzuten dira tarteka; oholtzari lepoa ematen dauden autotxokeak martxa onean dabiltza.

Jolas parkea iradokitzailea da oso, baina bere mugak agertzen ditu jaialditzar bat bertaratzeko. Sarrerak eta eskailerek onil forma ematen diote, eta eremua ez da handiegia oholtzen aurrean. Ezinbestekoa da tarteka musikaz ahaztu eta aldarte onean atrakzioekin ausartzea, edo terrazetan jartzea, atariko jan postuetan afaltzea (munduko hamaika bazterretako jan-edanak dira hemen)... Entzuleriari dagokionez, kamiseta koloretsudun gazte modernoak dira nagusi. Badira bikote grinatsu batzuk ere haurrekin (gehi gurdia, panpinak...), eta jakin-minez ase ezinak diren eskarmentudun musika zaleak.

The Whipek gaua ekarri eta diskoteka bihurtu du Igeldo, argi itsugarriz. «Happy Mondays, Manchester!», entzun dugu ondoan -bistan dira erreferentziak-. Dantzagarria da baina ez du gora egiten, nahiz eta hirukotea, batez ere neska bateria jotzailea, grinatsu saiatu. Antzera The Raveonettes bikote danimarkarrarekin (zuzenean hirukote); Sune Rose Wagner (gizonak) gitarran eta Sharin Foo (emakumeak) baxuan, indartsu ekin diote zuzenekoari, New York (eta V.U. heroinaz lepo zireneko garaiak) gogora ekarriz, baina disolbatu egin zaizkigu apurka-apurka. «Heart of Stone» bezalako kantuak eman dituzte, eta datorren asteartean plazaratuko duten lan berriko pieza batzuk.

Peachy Joken ostean Maxïmo Park izarrek itxiko du jarduna gaua guztiz gaiztotzea lortuko ez badu ere. Saiakera ederra egin dute euskaraz, eta animoso dabiltza «The National Health» lana aurkezten. Badaezpada lehen laneko «Apply Some Pressure» singlearekin bukatu dute festa.

Atrakzioetan tantaka dabil jendea, baina musika taldeen jarduna kasik bigarren mailako kontu bihurtzea lortu du jolas parkearen erakarpenak. Maila artistikoa apala izan dela begitandu zaigun arren, guztiok gara gustura. «Igeldon musika jaialditzar bat? Bai, oso plan donostiarra da», onartu digute bertakoek. Larunbateko jardunean akaso Mendi Suitzarrera igotzen ausartuko gara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo