Gernikako Astra, «kulturarako fabrika soziala» izatetik gertuago
Ez dira makalak izan azken urteetan antzinako Astra arma fabrikaren inguruan izan diren tirabirak, baina, azkenean, herriak lortu du «kulturarako fabrika soziala» izango denaren ateak zabaltzea. Hilaren 22an jarriko da martxan Astra Koordinadorak kudeatutako gunea.
Amalur ARTOLA | GERNIKA
Azken urteotako bide beretik, herriari eskerrak emanez aurkeztu zuen atzo Astra Koordinadorak gune eraberritua. Hilaren 22an, larunbata, zabalduko ditu ateak «kulturarako fabrika sozial» izan nahi duen espazio ireki honek, baina aurreratu zutenez, eraikinaren eraberritze lanak abendura arte luzatuko direnez, orduan egingo dute inaugurazio ofiziala. Ordura arte, momentuz hutsik dauden solairuak «baliabidez janztea» izango du helburu lan taldeak, eta aldi berean, «baliabideek eskaintzen dizkiguten aukeren arabera», eraikina erabilgarri eta betiere bisitak jasotzeko prest egongo dela ziurtatu zuten. Herriko elkarteen gelak hartuko dituen hirugarren solairua egokitzeko lanak ere hiruhileko honetan egiteko asmoa dute.
Etorkizunari begira, kulturaren ikuspegi zabala landuko dutela ziurtatu eta oinarritzat pertsonen eta taldeen ahalmen sortzailea eta soziala izango dituztela aurreratu zuten. «Kulturaren ideia hau ez da mugatzen ekoizpen artistikora soilik; ekimen soziala, pentsamendu kritikoa eta esfera publikoaren demokratizazioa bilatzen duten ideien eta ekintzen hedapena ere barne hartzen du».
Sortzaileen espazioa
Kudeaketari dagokionean, Udaleko talde politikoekin sinatutako hitzarmenean argi geratu zen bezala, Astra Koordinadora izango da gunearen ardura hartuko duena, «hau da, herriko gazteek, talde eta mugimendu sozial eta kulturalek eta norbanakoek». Gune eraberrituaren aurkezpenean, lan taldeak argi utzi zuen orain arteko funtzionamendu ireki, publiko eta komunitarioaren aldeko apustua egiten jarraituko dutela, eta bide horretatik, kudeaketa unean Astra Koordinadora osatzen dutenen esku egongo dela aldarrikatu zuten: «Astra denona eta aldi berean inorena ez den espazioa da. Guztiok erabili, kudeatu eta zaindu ahal izango dugun lekua, eraikinarekiko eta proiektuarekiko erantzukizuna elkarbanatuz. Astra kulturarako fabrika soziala da: arlo publikoaren kudeaketan jendartearen parte-hartze zuzena bultzatzen duen espazioa».
Hutsik zegoen arma fabrika orain zazpi urte, 2005ean, okupatu zuten herriko hainbat gaztek, herrian eurentzat propio diseinatutako espazio publikorik eta kultur elkarteak zein musika taldeak biltzeko azpiegiturarik ez zegoela salatzeko. Zentzu horretan, Koordinadorak gogora ekarri zuen egun «luxuzko etxeak edo parking bat eduki beharrean Astra badugu, okupazio bati esker izan zela. Eta Astrak herriko gazteen eta talde sozial eta kulturalen eskari historikoei erantzuten diela». Okupazioak parte-hartze prozesu baterako bidea ireki zuen eta, denboraren poderioz, herritarrek Astrarako zuten proiektuaren oinarriak finkatu zituzten: gune parte-hartzailea, autoantolatua, sortzailea, euskalduna, kulturen artekoa, diru irabazi asmorik gabekoa, belaunaldien artekoa, feminista, jasangarria, antimilitarista eta memoria historikoduna. Hala ere, Astrak momentu bakoitzean parte hartzen duten pertsonen, taldeen eta proiektuen batuketa izateko asmoa duela ziurtatu zuen lan taldeak, eta zentzu horretan, «birdefinitzeko, aldatzeko eta gehitzeko zabalik» egongo dela.
Irekieraren egunean, hilaren 22an, asanblada egingo dutela iragarri du Koordinadorak, hurrengo hilabeteetarako urratsak zehazteko.
«Bera zeru ertzean dago. Urrats bi eginez hurreratu ni, urrats bi eginez urruntzen da bera. Hamar pauso aurrera egin nik,
eta zeru ertzak hamar pauso egiten du harantzago. Ibili eta ibilita ere, ez dut sekula harrapatuko. Zertarako balio ote du utopiak? Horretxetarako balio du: ibiltzeko». Eduardo Galeanoren olerki honek ederki asko islatzen du hasiera-hasieratik Gernikako Astraren birmoldatzearen atzean egon den ideia: sorkuntza eta antolamendu lana sekula ez dela amaitzen. Horregatik ireki zuten atzoko aurkezpena olerki horrekin, jakin badakitelako orain arte gunea eureganatzeko egindako bidea amaitua dela, ez ordea Astra eraberritu, bizia eman eta benetan izan nahi duen hori izateko egin beharrekoa.
Eraikina eskuratu eta aurkeztu badute ere, benetako lana orain hasten dela azaldu zuten Astra Koordinadorako kideek: «Astra utzi genuen egunean, bagenekien itzuliko ginela. Askotan amestutako espazioa, ekintzaz, asmoez eta ametzez betetzeko... eta hemen gara berriro». Oraindik, beraz, Astrak bide luzea du egiteko. A. A.
Astra momentu bakoitzean parte hartzen duten pertsonen, taldeen eta proiektuen batuketa izango dela eta birdefinitzeko zein aldatzeko irekia egongo dela ziurtatu du Koordinadorak. Lehen bilkura aurkezpen ofizialaren egunean, hilaren 22an dute.