GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jaizkibelek babes handiagoa lortu du, baina ez da plastiko beltzetatik libratu

Alarde parekideko partaideak kontent ziren desfilearen amaieran, Jaizkibel konpainia hazten ari delako neska-mutil berriekin -atzo 350 lagun ingurura ailegatu ziren- eta herriko giroa ere baretzen doalako. Hala ere, bertze urte batez, tunel ilun baten antza hartu zuen Zumarditik gora doan kale estuak, kontrakoek ez baitzituzten plastiko beltz, maskara, bozina eta sirenak erretiratu.

p018_f02.jpg

Goizean goiz -batzuk bostetarako edo seietarako- hasi ziren hondarribiarrak Zumardian biltzen, zuri-gorriz, dotore jantzita. Ailegatu eta txilibitu eta danbor doinuek egin ziguten ongietorria. Musika hori barrenera sartzen hasi zitzaigun eta hor edukiko genuen egun osoan, agian baita hurrengo egunetan ere. Ertzaintzaren sei furgoneta zeuden aparkatuta eta poliziak bide bazterretan jarrita zeuden kaskoekin, ordulariari begira 8.15ak noiz iritsiko zain. Orduan ziren hastekoak Jaizkibel konpainiakoak; alarde diskriminatzailea, aldiz, geroxeago aterako zen, 08.55ean, Gernikako Arbola plazatik.

Minutuak igaro ahala ikusmina handitzen ari zen. Batzuk petrilera igota zeuden eta bertzeak aulki txikietara, argazkirik onenak egiteko. Haurrek txilibitu eta danbor txikiak astintzen zituzten, jendea musikaren erritmora dantzatzen zen. Bazen elementu bat, ordea, besta pixka bat iluntzen zuena, eta etor zitekeena iragarri.

Batzuek -emakumeak gehien-gehienak, heldu zein haur- plastiko beltzak eta oihalak zituzten eskuan, eta «Betiko alardea» jartzen zuten kartelak, nahiz eta anitzek ezagutu duten betiko alardea alarde bikoitz hau izan: alde batetik, emakume eta gizonak soldaduz jantzita ateratzen direna; eta, bertzetik, emakumeak kantinera gisa soilik desfilatzen dutena.

Beldurrezko tunela

Herriko bandera dantzan jarri, ezpata igo, eta hasi zen desfilea. Zumardian nahiko lasai, baina handik gorako kale meharrean zalaparta handia. Berriemaile lanetan Hondarribiko alardean aurreneko aldiz izanik, Jaizkibelekoen gibeletik Kale Nagusitik pasatzean, alde banatan plastiko beltzak, oihuak, sirenak eta bozinak, itolarri pixka bat sentitzeko modukoa zen. Plastiko beltz batean «Herriko etsaiak» zegoen idatzita margo zuriz, maskara zuriak ageri ziren, jendea bizkarra emanda zegoen alarde parekidea ez ikusteko, eta garrasi bat sartzen zen behin eta berriz belarrietatik: «Betiko alardea! Betiko alardea!».

Arreta eman zigun oihu horietan haur ahots anitz aditzeak, baita, plastikoen gibelean ezkutatzen zen jendeari begira, edo hauen hankei, plastikoaren altuerara ere iristen ez ziren umeak ikusteak ere. Eta musika estali nahi zuen burrunbaren erdian -burrunbari Jaizkibel babesteko txaloek erantzuten zioten, eta txalo hauei burrunba handiagoak- txikitako beldurrezko tunelaz oroitu ginen, jolas parkean ezagutu genuenaz. Konpainia parekideko guraso batek erran zigun aurrenkoz «kubero» bezala atera zen seme txikiak nola biziko zuen kezkatuta zegoela.

Ondoren, lasaitasuna

Tuneletik argitara, Arma plazara. Han, «Emakumeak alardean. Alardea, publikoa» zioen kartel more bat zen nagusi, txalo eta animoekin batera. Konpainiako kideek plaza inguratu eta bueltako bidea hartu zuten. Berriro tunelean, «Emakumeak alardean!» eta «Betiko alardea!» oihuak nahasi ziren. Emakume heldu bat indar guztiz ari zen txistuka, arnasa guztia botaz.

Zumarditik aitzinera, lasaitasunez segitu zuen konpainiak bere bidea, hasteko zain zeuden alarde diskriminatzaileko kideen ondotik igaro zenean ere bai. Hauek 5.000 lagun inguru ziren, hogei konpainiatan banatuak, hirugarren urtez Patxi Goikoetxearen agindutara. Jaizkibelekoak pasatzean, ez zuten batere garrasirik egin. Alarde parekidea Tximista kalean barna ailegatu zen Saindua ermitara. Han, agintariak eta elkarteetako ordezkariak zituzten esperoan, babesa erakusteko.

Emakumeen alde, egunero

Martin Garitano izan zen hitza hartzen lehena: «Berdintasunean oinarritu behar duten jaiak ospatzera etorri gara hondarribiarrekin. Uste dugu XXI. mendean badela garaia guztiok, gizon zein emakumeek, jaiak berdintasunean ospatzeko», erran zuen Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta Jaizkibel konpainiarekin bat egin zuen, horren «adibidea delako».

Maria Valverde Emakundeko zuzendariak ere zoriondu egin zuen Jaizkibel, baina tristura azaldu zuen «betiko alardea defendatzen ari diren pertsona batzuen erreakzioagatik». «Erresistentzia bortitz samarra eta irrazionala iruditu zait, ez ditu festan eta desfilean parte hartu nahi duten emakumeen eskubideak errespetatzen».

Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak ere elkartasuna, babesa eta «besarkadarik handiena» eman nahi izan zizkien herri honetako emakume eta gizonei, bereziki Jaizkibel konpainian daudenei. «Guk uste dugu emakumeen alde ez dela urteko egun bakarrean, martxoaren 8an, egin behar. Alderdiek ikasi beharko lukete emakumeen eskubideak urte osoan defendatu behar direla, eta, hain zuzen, dei egin nahi diegu emakumeen eskubideen alde egin dezaten egun guztietan, bereziki jaietan», adierazi zuen.

Bea Ilardia EH Bilduko lehendakariordegaiak azaldu zuen alderdi honetan konpromisoa hartu dutela emakumeen eskubideak eta berdintasuna agenda politikoaren lehen lerroan jartzeko, eta babes osoa eman zion Jaizkibeli alarde unibertsal eta publiko baten alde lan egiteagatik. «Emakumea baztertzen duen jaiak, jai izateari uzten dio».

Izaskun Larruskain Jaizkibeleko kapitainak aitortu zuen, Emakunde Saria jaso eta iaz debekatu zieten ibilbidea berreskuratzeko helegitea euren alde atera ondotik, «gutxienez plastiko beltzik ez egoteko esperantza» zutela. «Bortitza da Kale Nagusia modu honetan igotzea, oso bortitza, eta ez dut ulertzen ezin duenik inork ezer egin horiek kentzeko. Beste guztia zoragarria da. Konpainia handitzen ari da, gazte pila bat ari dira elkartzen, beste konpainietako jendeak agurtu gaitu, eta oso pozik gaude», agertu zuen. Ez zuen ahantzi iazko alardean hil zen Mari Karmenen familiari musu handi bat bidaltzea.

Maider IANTZI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo