GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arrantzale Egun handia gaur ospatuta, astebete luzez jai giroa nagusi Bermeon

Xixili lamiari ongietorria emanez hasi ziren herenegun, Bermeon, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Gaur Arrantzale Eguna ospatuko dute herrian, festetako egunik ospetsuena. Bestalde, hurrengo egunetarako eta datorren igandera arte adin guztietako herritarrentzako egitarau zabala prestatuta dago: umeentzako jolasak, nagusientzako omenaldiak, herri kirolak, ekintza gastronomikoak, kontzertuak...

p021_f02.jpg

Jon ADAN |

Herenegun hasi ziren Bermeon Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak ospatzen, eta arratsaldean Almika auzotik kuadrillen jaitsiera egin zuten txosnaguneraino, fanfarreak girotutako ekitaldi koloretsuan. Ondoren, Xixiliri ongietorria eman zioten. «Arrantzalez jantzitako lamia da Xixili eta jaien maskota dugu», Susana Regidor Bermeoko Udaleko Kultura arloko lankidearen hitzetan. Gaueko hamarretan Bermeoko alkate andre Idurre Bidegurenek pregoia irakurrita hasi ziren datorren igandera arte iraungo duten Bermeoko jaiak.

Atzo aldiz, ohiturari jarraituta, Almika auzoan, Alkartasuna dantza taldeko mutilek alkate andrea zein udaleko beste hainbat neska zinegotzi eta jendarteko emakumeak atera zituzten dantzara. «Urtero aldatzen doa, hurrengo urtean neskek mutilak aterako dituzte dantzara», dio Regidorrek.

Gaur, Arrantzale Eguna

Gaur, Arrantzale Eguna ospatuko dute Bermeon, «egunik garrantzitsuena da, eta herrian sortzen den giroa nabarmenduko nuke; goizetik hasita eta hurrengo eguneko goizera arte kuadrillek eta herriko jendeak zein fanfarreek, herriko kaleak girotzen dituzte», dio Susanak.

Eguerdian, aurreskuak dantzatuko dituzte Sabino Arana plazan, eta 15.30ean euskal preso eta iheslari politikoen aldeko herri bazkaria egingo dute portu zaharrean. Arratsaldean zehar, El Despiste, Los Incansables, Guretzat eta Patxarnga fanfarreak ibiliko dira herriko kaleetan, eta 21.30ean Akerbeltz taldearen dantzaldia izango da Lameran.

Biharko, eguerdian, Gonzalo Nardiz plazan izango den ume eta gaztetxoentzako jolas parkea eta 22.30ean Ronpiolaseko Martilloan ikusgai izango diren suziriak nabarmendu dizkigu Susanak. Asteartean, aldiz, Itsasoko Eguna izango dela jakinarazi digu: «Umeentzako ur jolas ugari antolatzen dira portuan, masta puntakoa eta abar», dio Regidorrek.

Ostegun iluntzean, irailaren 13an, herri kirolen XXXVIII. edizioa izango da Artza frontoian, eta 22.00etan, leku berean, bertso saioa Andoni Egaña, Arkaitz Estiballes, Miren Amuriza eta Uxue Alberdi bertsolariekin. Ostiralean, 18.00etan nagusien danborradak Bermeoko kaleak girotuko ditu, eta 22.00etan, La Fuga talde ospetsua izango da ikusgai Lameran.

Larunbatean, XXXVIII. Sukalki Eguna egingo dute Talan. «Okela gisatua egitea ohitura dugu herrian, iaz 300 kazola inguru aurkeztu ziren», azaldu digu Regidorrek. Datorren igandean, irailaren 16an, Santa Eufemia egunean, goizean Baserri Azoka jarriko dute Lameran eta eguerdian Bermeoko auzo desberdinetako pertsona nagusiei omenaldia egingo diete, Santa Eufemia plazan. Jaiak bukatzeko, Xixili lamiari azken agurra emango diote Bermeon. Hartara, 22.30ean, Aiara musika bandarekin «doluzko ibilaldia» egingo dute herrian barrena eta portuan erreko dute Xixili.

Bestalde, Idurre Bideguren alkate andrea, GARAri egindako adierazpenetan, jaien inguruan mintzatu zen, «aurten aurrekontu laburragoarekin adin guztietarako programa egitea lortu dugu. Bestalde, udaletik jai hauetan jendearen inplikazioa eskatzen dugu». Hartara, jendeari Bermeora hurbiltzeko gonbita eginez, «garraio publikoa erabiltzeko eta herria garbi mantentzeko ahalegina egiteko» eskatu zuen Bidegurenek.

Herria inplikatuz

Idurre Bideguren Bermeoko alkate andreak herritarrei dei egin zien aurtengo jaietan parte hartzera. Bestalde, garraio publikoa erabiltzeko eta herria garbi edukitzeko ahalegina egiteko ere eskatu zuen.

BESTE DATU BATZUK

Sei txosna izango dira aurten Bermeoko jaietan, Lamerako parkean kokatuak. Barrakak aldiz, urtero legez, portuan egongo dira. Bestalde, abesti propioa ere badute Bermeoko festetan, «Egunero egunero kalian» izenekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo