Corrugados enpresako langileek Azpeitiko herritarren babesa jaso dute
Azpeitiko ehunka herritar kalera irten ziren atzo Corrugados enpresako langileek ia hiru hilabetez daramaten borrokari babesa adierazi eta altzairu fabrikak irekita jarrai dezala eskatzeko. Izan ere, Alfonso Gallardo taldeak beste 60 langile bidali nahi ditu kalera.
GARA |
Manifestazioa eguerdiko hamabietan abiatu zen Azpeitiko plazatik, eta herriko kaleak zeharkatu ondoren, BBVA banketxeak Olatz plazan duen bulegoaren aurrean amaitu zen. Mobilizazioa enpresa batzordean nagusi diren LAB eta ELA sindikatuek deitua zen, eta bertara bi sindikatuetako idazkari nagusiak hurbildu ziren, Ainhoa Etxaide eta Txiki Muñoz, Corrugados enpresako langileei beren babesa eskaintzera.
Izan ere, Urola bailarako altzairu fabrikako beharginek datorren astean beteko dituzte 90 egun beren lanpostuen aldeko greba eta mobilizazioak hasi zituztenetik. Urte hasieran 100 lagun inguru geratu ziren lanik gabe, eta une honetan enpresaren jabea den Alfonso Gallardo taldeak beste 60 langile utzi nahi ditu kalean, sektoreak bizi duen egoera zaila argudiatuta.
Kaleratze horiez gain, enpresak beste hainbat murrizketa jarri nahi ditu martxan lanean geratzen diren pertsonentzat, hala nola 66 eguneko lan etenaldia (uztailetik abendura), lanaldiaren luzapena (49 ordukoa) eta %35eko soldata jaitsiera.
Arrazoi horiek izan ziren langileak grebara bultzatu zituztenak, hain zuzen ere, Alfonso Gallardo taldeari enplegua mantendu dezala eskatzea eta Azpeitiko fabrikaren etorkizuna bermatzeko neurriak har ditzala exijitzea.
Enpresa batzordea bihar bertan bilduko da Madrilen zuzendaritzarekin, eta besteak beste, langile gehiago ez kaleratzeko eskatuko dio. Izan ere, urte hasieran Gallardo taldeak bost milioi euroko diru laguntza jaso zuen eta horren truke Azpeitiko langileen kopurua 241 pertsonatik ez murrizteko konpromisoa hartu zuen. Halere, orain gauzatu nahi dituen beste 60 kaleratzeekin, langile kopurua bermatutakoa baino txikiagoa izango dela uste dute sindikatuek.
Zuzendaritzaren asmoak
Are gehiago, neurri hauekin zuzendaritzakoak Azpeitiko fabrika «hiltzen uzten» ari direla salatu dute, «ez baitute argi esaten zein diren beren asmoak».
Zuzendaritzak orain arte azaldutakoaren arabera, Corrugados Azpeitia ixteko aukera ez dago baztertuta, baldin eta galerak sortzen jarraitzen badu. Abuztuaren 21ean plazaratutako ohar batean zioenez, «galerarik ez dagoen bitartean, ez da Azpeitiko planta itxiko». Hala ere, bederatzi hilabetetan irabazirik ez balego, enpresa itxi eta langileei kalte-ordainak emateko plana abian jarriko lukeela iragarri du.
Hori ekiditeko, enpresa batzordeak hainbat bilera egin ditu azken hilabeteotan erakunde desberdinekin, batez ere enpresari exijitu diezaioten jaso dituen diru-laguntza publikoak etorkizuna bermatzeko erabil daitezela.
Enpresak berak bilera egin zuen joan den asteazkenean Gipuzkoako Aldundiko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariekin, eta horren emaitza izan da biharko Madrilen enpresa batzordearekin deitua dagoen hitzordua.
Joan den asteazkenean Fordu Aldundiko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariekin bildu eta gero, Alfonso Gallardo taldeak enpresa batzordea bilerara deitu du biharko, Madrilen.