ERRUGBIA Top 14
Kaleratzeek konpondu zuten eguna
Biarritzek nahi baino gehiago sufritu zuen Montpellierren aurka lidergoari eusteko. Avironek Katalunian porrot kezkagarria jaso zuen.
BIARRITZ 27
MONTPELLIER 8
PERPINYA 18
AVIRON BAIONA 13
Jon ORMAZABAL
Azken markagailuak erakuts lezakeena baino dezente gehiago sufritu behar izan zuen atzo Biarritzek sasoiko laugarren garaipena eskuratu eta lidergoari eutsi ahal izateko. Agileran partidaren orduan egiten zuen beroagatik akaso, biarriztarrek noizean behin denok izaten ditugun egun txar horietako bat izan zuen, eta epaileak hartu zituen zalantzazko erabaki pare baten beharra izan zuen lehia bere aldera eramateko. Partida oso berdindua zela, Marchat jaunak kanpotarren Nagusa eta eta Combezou kaleratu zituen eta zuri-gorriek ez zioten opariari muzin egin: tarte horretan hiru entsegu egin zituzten ia jarraian eta garaipenak ez zuen etxetik ihes egin.
Oraindik ere Harinordokiren eta Yachviliren hutsuneekin, hutsek, batez ere Barraquek zigor kolpeak gauzatzerakoan egindakoek -lehen zatian bostetik bakarrean asmatu zuen-, baldintzatu zuten taldea. Gauzak horrela, defentsa txukun bat eta Trinh-Ducen drop bat nahikoa izan zituzten kanpotarrek atsedenaldira partida berdinduta zela iritsi ahal izateko.
Bigarren zatian Peyrelonguek hartu zuen zigor kolpeak botatzearen ardura eta, lehenengoan asmatu bazuen ere, hau ere ez zen oso fin ibili -bien artean 9tik 2tan asmatu zuten- eta horren erruz Biarritzi kosta egin zitzaion markagailuan aldea hartzea.
Gauzak horrela, epaileen jokaldi eztabaidagarri pare baten laguntza behar izan zuten Agilerakoek arnasa hartzeko. Lau minututan, epaileak Naguse -plakaje altu bat egiteagatik- eta Combezau -zakarkeriaz aritzeagatik- kanporatu zituen eta etxekoek ez zuten barkatu. Bisitarien artean sortu zen nahasmenaz baliatuz, Balshawek (55. minutuan), Guyotek (64.ean) eta Lesgourguesek (67.ean) hiru entsegu lortu zituzten partida erabakita utziz.
Zoritxarrez, kanpotarren azken orduko entseguak bonusik eskuratu ezinda utzi zituen euskaldunak.
Baionako Avironek ez zuen iazko denboraldiaren itzala uxatzeko Katalunia aldean zuen aukera aprobetxatzen jakin, eta berriz ere behera begira jarri behar izan du, atzora arte partidarik irabazi gabe zen Perpinyaren etxean partida txar baten ondoren 18-13 galdu ostean.
Biarritzen zigor kolpeak gauzatzeko ardura zuten jokalariak batere fin ibili ez baziren, justu kontrakoa gertatu zen Perpinyan, bertako jokalari den James Hook bikain aritu baitzen. Mele-erdi galestarra bikain aritu zen eginkizun horietan eta alde izandako sei zigor kolpe gauzatuz, berak egin zituen taldearen puntu guztiak. Lehen zati txar baten ondoren, saiatu ziren baionarrak bigarren zatian, baina ezinezkoa izan zitzaien.