GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

ESKALADA Biaizpe

«Giovanni corpo-corto»-ren artesia askatu dute

Pasan den uztailean, Patxi Arozenak eta Carlos Garciak bidearen laugarren luzea era librean igotzea erdietsi zuten astebeteko lanaren ondoren. Bi eskalatzaileon ustetan, artesiak 8a+ zailtasuna du.

p040_f01_250x128.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Donostiatik Iruñera doan autobiak oso pasabide bitxia du Irurtzun herrira iritsi baino lehen. Irakurleak, jakina, jakin badaki Biaizperi buruz ari garela. Ezkerrera pareta txikia dago; eskuinaldera, ordea, horma handia. Azken horrek, adibidez, oso artesi ikusgarria du, gidatzen ari den eskalatzaile orok begiratzen diona.

Zati berezi horri buruzko informazioa bilatzen duenak ikusiko du artesi hori «Giovani corpo-corto» bidearena dela. Eta gehiago arakatzen badu, jakingo du 6c/A1+ (batzuentzat A2) zailtasuna duela. Jakina, eskalada artifiziala eta librea tartekatuz gero.

Eskaladaren eboluzioarekin batera, goi mailako hainbat eskalatzailek helburu bera izan dute: laugarren luze horren korapiloa askatu. Batzuk-batzuk saiatu dira, baina pasa den uztailera arte ez da lortu. Eta «saria» eraman dutenak Patxi Arozena eta Carlos Garcia izan dira. Artesia garbitzen eta probatzen astebete igaro ondoren, donostiarrak eta iruindarrak era askean igotzea erdietsi zuten. Zailtasunari dagokionez, biek ala biek uste dute 8a+ izan daitekeela.

Eskalada berezia

«Giovanni corpo-corto» marra, berez, «Felix Calvo» bidearen erdialdean hasten da. 120 metro eta lau luze gainditu ostean, marra horrek «Patxi Berrio» bidearen bosgarren luzearekin bat egin eta gailurrera jotzen du.

Arestian aipatu dugun bezala, artesia edo laugarren luzea erronka berezia bilakatu da. Protagonistek diote astebeteko lana izan zutela: «Bost egun garbitzen jardun genuen. Nahiz eta duela urte batzuk berrekipatu zuten, oraindik orain iltze zahar batzuk daude. Eta, gainera, norberaren burua fisureroekin eta friendekin aseguratu behar da. Aipatu nahi dugu, uztailean jardun bagenuen ere, hotz handia pasa genuela; besteak beste, arratsaldean pareta itzalean dagoelako eta haizeak gogor astintzen gintuelako».

Bidearen giltzak duen izaerari dagokionez, Arozena eta Garciak diote oso teknikoa dela: «Artesien estiloa ondo baino hobeto menperatu behar duzu; gainera, erori pixka bat badu. Patxik dio luze hori `Pilar del Cantabrico' bidearen 8a+ graduko luzea baino zailagoa dela. Oso teknikoa da, posizioa asko landu behar da, oinak oso ondo mugitu adherentzian...».

Luze gogor horretaz gain, beste hiru luzeak era askean igo zituzten: «Lehena 6c edo 6c+ da. Bigarrena, berriz, 7b edo 7b+; lehen 10 metroak gogorrenak eta arriskutsuenak dira. Hurrengo 15 metroetan hobe da ez erortzea. Eta hirugarren luzeak antzeko zailtasuna izango du. Hasiera blokekoa da, eta ondoren zati zaila, iraunkorra eta arriskutsua du. «Giovanni corpo-corto» askatu dute.

8a+

Patxi Arozenak eta Carlos Garciak bidearen laugarren luzea era askean igotzea lortu dute. Artesi horrentzat 8a+ zailtasuna proposatu dute.

kateatzea

Bide osoa era askean igo zuten, baina protagonistek baieztatu duten bezala, ez zituzten luze guztiak jarraian eskalatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo