GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

ESKALADA Errekorra

Eiterren eta Ramoneten seigarren garaipena Arcoko jaialdian

Angela Eiter austriarrak eta Ramon Julian «Ramonet»-ek errekorra ezarri dute nazioartean sona handiena duen eskalada ekitaldian. Arcoko jaialdian ere Sasha DiGiulian eta Anna Stohr saritu dituzte.

p041_f01_148x192.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Arcoko Masterrak (Italia) badu aura berezia. Lasai asko esan dezakegu eskalada lehia pribatuen artean jaialdirik arrakastatsuena dela, besteak beste, egitarau osoa zein borobila antolatzen dutelako. Baina, zein da arrakasta horren giltza? Zerrenda luzea da: soilik munduko lehiakide sasoikoenek jasotzen dute gonbita, lau lehia ezberdin jokatzen dira (zailtasuna, blokea, duelua eta azkartasuna), eskalada horma edo egitura ikusgarria da oso, sariak banatzen dira, milaka ikusle bertaratzen da...

Eta, jakina, aurtengo ekitaldiak ez du hutsik egin. Beste era batera esanda, iragarpen guztiak bete egin ditu. Ohi den bezala, hiru egun izan ditu Arcoko aurtengo jaialdiak. Ikuskizun zein lehia ederrez gain, azpimarratzeko beste berri batzuk izan ditu. Horietako batek, bederen, benetako garrantzia du, errekor baten irudia hartu duelako. Angela Eiter austriarrak eta Ramon Julian Ramonet katalanak aurtengoarekin sei aldiz irabazi dute Arcoko zailtasuneko lehia. Hori lortzea zaila baino zailagoa da, lehen esan dugunez, soilik munduko lehiakide sasoikoenek hartzen dutelako parte. Eiterrek zein Ramonetek historia idatzi dute Arcon, eta argi dagoena da herri horrekin eta batez ere bere eskalada hormarekin oso hartu-eman berezia dutela. Izan ere, iaz, Arcon bertan, Munduko Eskalada Txapelketa jokatu zen eta austriarrak eta katalanak irabazi zuten.

Lehia estuak

Zailtasuneko probaren formatoan aldaketak izan ziren: finalerdia bistan egin zen eta finala, berriz, landuta. Horretaz gain, lehiakideei ez zieten denboraren berri eman. Ramonetek ez zuen hutsik egin, eta eskalatutako bi bideak kateatu zituen; gainera, egundoko erakustaldia eskainiz. Behin lehia amaituta, katalanak adierazi zuen Arco oso berezia dela: «Hamar izarretako lehiaketa bat da. Bideak oso onak dira eta ikusleen jarrera txalotzeko modukoa. Pena bakarra eguraldi kaskarra izan zen».

Eiterrek, Ramonetek bezala, lan bera egin zuen, eta seigarren txapela jantzi zuen.

Boulderreko proban, berriz, Alex Puccio estatubatuarra eta Dmitri Sharafutdino errusiarra gailendu ziren. Azkartasunean: Leonardo Gontero italiarra eta Alina Gaydamakina errusiarra. Eta dueluan, Jakob Schubert austriarra eta Dinara Fakhritdinova errusiarra izan ziren onenak.

Baina, aurreratu dugunez, eskalada jaialdi horretan, lehiaz gain, badira beste ekitaldi batzuk. Horietako bat: eskalada sariak. Pasa den urtean harkaitzean eginiko lanarengatik, hots, hainbat 9a kateatzeagatik Sasha DiGiulian estatubatuarrak saria jaso zuen. Iker Pou gasteiztarra hautagaien artean zegoen.

Lehiaren atalean, bestalde, Anna Stohr austriarra saritua izan zen. Aitortza ere jaso zuen, besteak beste, iazko Munduko Boulder Kopa zein Txapelketa irabazteagatik. Eta sari banaketa hauetan hirugarren protagonista bat ere egon zen: Stefan Glowacz. Eskalatzaile alemanak oso ibilbide ederra eta oparoa du, eta Arcoko jaialdiak «eskalada enbaxadore» izendatu zuen.

errekorra

Angela Eiterrek eta Ramon Julian Ramonetek sei aldiz irabazi dute dagoeneko Arcoko zailtasuneko proba. Biek ala biek ikuskizun ederra eskaini zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo