GARA > Idatzia > Kirolak

Sintra PRO Portugal: Uranga eta Aguirre indartsu munduko bodyboard txapelketan

Munduko bodyboard itzuliak Portugalen egin du bere azken geldialdia. Mutiletan, Pierre Louis Costes izan zen irabazlea eta nesketan berriz, Minani Hatekeyamay. Alex Uranga zumaiarrak eta Eunate Aguirre sopelarrak, hirugarren eta bigarren postuak eskuratu zituzten. Floridako Vilano Beach hondartzan izan da munduko skimboarding txapelketa.

p044_f03_235x128.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Abuztuaren 28a eta irailaren bia bitartean egin zuten Portugalen Sintra PRO Portugal munduko bodyboard txapelketa eta Pierre Louis Costes frantsesa izan zen irabazlea.

Alex Urangak eta Eunate Aguirrek ere sekulako txapelketa egin zuten eta emaitza onak lortu zituzten.

Goi mailako itzulia

Grand Slam Series (GSS) izena du maila goreneko zirkuituak eta iaz bildutako puntuen arabera goi mailan egotea lortu dutenek soilik osatzen dute lehen mailako itzulia.

Mutilen kasuan 24 lehiakide dira GSS zirkuitua osatzen dutenak; nesken kasuan, berriz, Womens World Tour (WWT) izena du itzuliak eta hamar lehiakide baino ez dira lehen mailan.

Portugalgoa, mutilen itzulia osatzen duten zortzi txapelketetatik bosgarrena izan da. Guztira, zortzi dira aurtengo itzulia osatzen duten mutilen txapelketak; beraz, oraindik beste hiru txapelketa egin behar dituzte 2012ko munduko bodyboard txapelduna nor izango den erabakitzeko.

Hurrengo geldialdia Mexikon izango da, Zicatelako olatu indartsuetan, irailaren 27tik aurrera. Jarraian, itzuliko zazpigarren txapelketa Puerto Ricon izango da; eta azkenik, itzuliko azken txapelketa, erabakigarria, Kanaria Handiko «El Fronton» olatu famatuan izango da.

Nesken kasuan berriz, aurtengo itzulia zazpi txapelketek osatzen dute, itzuliko bigarren txapelketa, Reunion irlan egin behar zutena, bertan behera geratu zen; beraz, Portugalen egin berri dutena itzuliko hirugarren txapelketa izan da.

Bihar bertan hasita, eta irailaren hamaseia bitartean Brasilen izango dira munduko nesken bodyboard itzuliko lehiakideak; eta horren ostean, beste bi txapelketa egingo dituzte aurtengo itzulia osatzeko: bata Venezuelan, eta bestea, azkena, Puerto Ricon.

Uranga eta Aguirre

Bai mutilen zein nesken kasuan, badira goi mailan lehiatzen ari diren gertuko bi lehiakide, Alex Uranga zumaiarra eta Eunate Aguirre sopelarra, eta biek emaitza bikainak lortu dituzte Portugalen.

Alexek ez zion txapelketari hasiera on bat eman; izan ere, lehen txanda ez zuen gainditu, baina bigarren aukera ez zuen alferrik pasatzen utzi, eta hortik aurrera sekulako emaitzak lortu zituen. Esaterako, final-zortzirenak eta final-laurdenak lehen postuan pasa zituen zumaiarrak, eta horrela iritsi zen finalerdietara.

Finalean nor izango zen erabakitzeko Jared Houston hegoafrikarra izan zuen arerio Urangak. Finalerdian lehia oso gogorra izan zen, puntuaketa antzekoa jaso zuten bi lehiakideek, baina azkenean, Urangak 13,81 puntu bildu zituen eta Houstonek berriz 13,91; beraz, hamarren bateko aldearekin lortu zuen hegoafrikarrak finalean sartzea.

Portugalgo azken emaitza lagungarri izan zaio Urangari ordea; izan ere, ranking orokorrean lau postu gora egitea lortu du, eta egun hamabigarren postuan da.

Txapelketa irabazi zuen Pierre Louis Costes frantsesak ere gora egin du, eta egun Dave Winchester australiarra buru den rankingean bigarren postua eskuratu du.

Eunate Aguirrek ere emaitza bikaina eskuratu zuen Portugalen. Miami Hatekeyamay japoniarrarekin lehia bizia izan ostean, bigarren postua eskuratu zuen sopelarrak.

Modu horretan, Eunatek ere gora egin du ranking orokorrean, eta egun laugarren postuan da, Isabella Souza, Karla Costa-Taylor (biak brasildarrak) eta finalean arerio izan zuen Minami Hatekeyamayren atzetik.

Costes vs Houston

Mutilen finala ere oso lehiatua izan zen. Praia Grande hondartzan olatuak ez ziren izan oso indartsuak, metro eta erdiko altuera baitzuten; alegia, ez ziren oso handiak, baina Pierre Louis Costes frantsesak eta Jarred Houston hegoafrikarrak olatuen indarguneari ahalik eta etekin gehien ateratzen zioten.

Olatuak oso onak ez izan arren, bi lehiakideek aireko ariketa ederrak egin ahal izan zituzten eta ikuskizun ederra eskaini zuten.

Azkenean, Pierre Luis Costes izan zen Portugalgo txapelketako irabazlea, iaz 2011ko munduko titulua eskuratu zuen lehiakide bera, alegia.

Esan bezala, itzulia amaitzeko beste hiru txapelketa falta dira; beraz, goiz da ezer aurreratzeko, oraindik ranking orokorreko emaitzek hobera egin dezakete, baina okerrera ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo