GARA > Idatzia > Kultura

Izua Igeldon, pozik da jendea

Ostirala ederra izan bazen Igeldon, larunbatean eguna are garbiagoa da, jende gehiago dabil -familiak tarteko- eta ñabardura gehiago dago taldeetan, anitzagoa da musika. Laztura eraman du The Horrors-ek jolas parkera... eta gustura da zalea.

p046_f02.jpg

Anartz BILBAO

Funikular zaharrak tarra-tarra garamatza Igeldora, Kontxako badia urrunduz. Bitartean Anari da akustikoan kantari jolas parkean, Maite Arroitajauregik (Mursegok) lagundua. Ez da makala azkoitiarrari egokitu zaion lana, festibala eguzki galdatan irekitzea, zaleak tantaka-tantaka hurbiltzen ari direla.

Oholtza txikian talde gipuzkoarrek bizkor bereganatu dute arreta. Muturbeltz da oholtza zapaltzen lehena, (70eko Detroit-eko moldera) rock & roll indartsua egiteaz harro -Hot Dogs eta Sexty Sexers-eko kideak dira tartean-. Euskaratik gaztelaniara, rock-etik pop-era, Inra patxadatsuaren txanda dugu gero. Madrildik datoz, baina euskaldunen bat ei dute taldekide. Atsedenaren ostean, Anai Arrebak-en emanaldi laburra. Urrian plazaratzekoak diren laneko kanturen bat aurkeztu dute... baita M-ak taldearen «Barkatu ama»-ren moldaketa ere.

Jolas parkearen mugez ostiraleko kronikan idatzi genuen legez, tokia ez da handiegia, baina ez da estutasunik sumatzen (sarrerak agortu ei ziren larunbatean). Familia gehiago dira, haurrak gurasoekin... eta baten bat aiton-amonekin. Mendi suitzarra eta autotxokeak topera dabiltza, baina atrakzio txikiek ere badute xarma: skalextric, dordoken lasterketa... Guztiak orain hamarkada asko bezala daude; bertan diren langileak antzera -60 urte inguruko emakume bat dago ahate-arrantza kudeatzen, soinean «I'm not diferent... I'm cool» dioen kamisetaz-. Ilundu eta gero lakuko txalupek ere arrakasta izan dute. Bat baino gehiago blai-blai atera da.

Muturbeltzek txikian jo ostean, Delorentos izan da oholtza nagusian; Inra-ren ostean, Los Campesinos! Lehenak dublindarrak dira eta «Little Sparks» argitaratu dute aurten. Etxerako moduko mutilen antza dute, laukoteak konexio ona lortu du Igeldon, entzuleria martxan jartzeraino; bat baino gehiago dantzan da. Bigarrenak Cardiff-ekoak dira eta ez zaizkigu espero bezain dibertigarri suertatu. Festarako aproposak uste genituen arren motel samar agertu dira, nahiz eta tarteka gorantz egin. Kantu guztiak ez dira «Death to Los Campesinos!». Hobeto irlandarrak -diskoak sinatu zituzten jo ostean, eta lagun mordoa egin- galestarrak baino.

Gaua da Love of Lesbian katalanek «La noche eterna» kantuarekin ekin diotenerako. Zale saldoa dute aurrean, zirraraz gainezka. The Horrors-en gainetik eguneko talde legez agertu dira duten erakarpen indarra kontuan hartuta; batzuok afaltzeko aprobetxatu dugu momentua.

Jan kontuak aipatzea The Revolutionary Brothers gipuzkoar disko jartzaileei sarrera emateko aitzakia baino ez da. Jateko postuetako gunea girotzeaz arduratu dira festibalaren bi egunetan, eta jolas parkean entzun den musika bikainena jarri. Gozatu ederra da tarteka bertara ihes egin eta sustraidun musika karibetarra entzutea, gorputza kulunkatu bitartean.

Laztura jolas parkean

The Horrors izar nagusien aurretik jotzeko Wilhem & The Dancing Animals nafarrak gonbidatu dituzte, eta bete-betean asmatu; izugarri gozatu ditu zaleak. «The War Of The Species» du debut lana power folk taldeak. Iluna da gaua, eta iluntasunak laztura dakar jolas parkera. Argi itsugarriak atzean, The Horrors boskotea itzala baino ez da gure begietara, zurrunbiloa belarrietara. Taldekideren batek (itxuraz) The Ramones ekartzen du gogora. Intentsitate handiz (post-punk doinuak eta distortsioa nagusi), zuzeneko ederra eman dute. «Still Life» dotorea jo dutenerako bi neskak egin dute salto oholtza gainera, dantza gogoz. «Primary Colours» eta «Skying» azken lanetako kantuak jo dituzte batez ere; ez dira alferrik bi diskoak goraipatuak izan. Bukaera ezin psikodelikoagoa egin dute, «Moving Further Away» kantu hipnotikoa luzatu eta luzatu.

Lurreratu baino lehen, eta zibak bueltaka jarrai dezan, Gora Gora Kidsek agurtu du festibala. Anai Arrebak M-ak taldeaz oroitu bada, Wilhem & the Dancing Animals-ek The Beatles-i egin badio gorazarre -«LSD» joz-, laukote kalaberikoak The Who («Neska mutilak ongi daude») eta The Rolling Stones («Lurrazpian») ekarri dituzte molde zirikatzaile eta dibertigarrian, rokanrola rokanrolaren gainean. Ezin esan Sagardia eta lagunak -Almandozek ordezkoa du gaur baxuan- musikari trebe-trebeak direnik, baina zer demonio... itzel pasatu dugu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo