GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

«Cincuenta sombras de Grey»

Aberats baten jolas sexualek inoiz ez bezala dauzkate irakurtzen New Yorkeko emakumeak». «Istorio erromantiko eta bizitasun handiko jolas erotikoaren uztarketak emakume ugariren barnea ukitu du».

Aurkezpen horrekin nori ez zaio jakin-mina pizten? Nori ez zaio orduak orriak pasa ahala etor daitekeenaren irrikaz igarotzeko grina sortzen. Erotismoan sakontzea interesatuz gero, irakurketan murgiltzea atsegin izanez gero, ezin eutsi aukerari. Trilogia bat da, gainera! Irudimena sentsazio berrien atzetik hesirik gabe ibiltzeko tarte ugarien promesak poztu egiten du, eta, akaso, norberaren gorputzaz gozatzeko astia maizago hartzeko asmoak barnea kitzikatu. Horren gutxitan egiten dugu...

Bada, horrenbeste arrakasta izan duen istorioa, matxismo jario hutsa da; sexu pasarteak tartekatzen dituen Pretty Woman berria, printze-printzesaren istorio zaharra. Argumentua, oso aurreikusgarria; neskaren pertsonaia sinestezina, kontuan hartuta hogeita gutxiko egungo gazte bat dela, loteria tokatu zaiola uste duena, amodioaren eta sexu-harremanen munduan gizon perfektuaren eskutik sartuta, asperdura arte errepikakorra... sorbaldetatik heldu eta ilerik gabe utzi arte astintzeko gogoa eragiten du; gizon perfektu hori, Adonisen beraren haragitzea, nazkara arte aberatsa, sexu kontuetan cum laude lizentziaduna, kontrolatzailea, jeloskorra, obsesionatua, gaixoa... Ondorioz, neskarekiko inolako errespeturik gabea, bestelako jokabideak direla-eta kontrakoa dirudien arren. Alegia, eleberritik aterako balitz, urrun baino urrunago eduki nahiko genukeen subjektua. Nahiko behar genuke, behintzat, norberaren burua zertxobait maite eta errespetatuz gero. Txortan bikain egiteak ez baitu merezi duintasuna zipitzik ere galtzea...

Nik irakurri dut lehenengoa, lagun baten eskutik, eta nire eskuetatik beste batzuetara igaro da, eta horrela kate luze samarra eratu dugu. Liburuak berak ez du piperrik balio, ene uste apalean, nahiz eta beroketa efektua sortu sortzen duen, hori ez dut ukatuko, baina izan liteke ez gaudelako trebatuta sexuari buruz hain garbi, esplizituki eta xehetasunez irakurtzen, are gutxiago hitz egiten, emakumeok. Tabuak oraindik handiak direlako, emakumeon sexualitatearen inguruan, sexu hutsaz eroen pare gozatzen dugula onartzeak, esaterako, lotsa puntua eragiten digulako. Edo jakin badakigulako jendartean gizonen bizitza sexual aktibo eta zabala begi onez ikusten dela; ez baina emakumeona, gaitzetsi, iraindu eta zigortu egiten dena. Gizonena arrakasta da, emakumeen miresmena, geurea, berriz, ligereza de cascos.

Emakumeon sexualitatea, erreala, desberdina, mugarik gabea, mahai gainean jarriko duen edozer txalotu egingo dut, eta aitzakia liburu txar baino txarrago bat izanda ere, onuragarria izango da. Geuk eratutako katean solasaldia, iritzi trukaketa, ikuspuntu desberdinak, aberastasuna atera dira, barre egin dugu, sutsuki eztabaidatu ere bai, inolako lotsarik edo hitz erdirik barik, eta oso ondo pasatu dugu. Horregatik bakarrik merezi duelako, eta agian zer edo zer ere ikas daitekeelako, emakumeak, gizonak, heldu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo