Muxu lapurra
Markel IRIZAR
RadioShack taldeko txirrindularia
Orain bai, Castellenako helmuga gurutzatuta, esan dezakegu bukatu dela aurtengo Vuelta. Nire uste apalean, azken itzuli handietako politena izan denak, txirrindularitzak behar zuen distira bueltatu dio horrenbeste atsegin dugun kirol honi. Lasterketa eta ibilbidea ikusgarria izateaz gain, Contador, Valverde eta Purito moduko txirrindulariak podiumean izateak erakusten du aurtengo Vueltak izan duen maila. Eta kirol orotan bezala, batzuk helburuak beteta, eta beste batzuk besterik gabe bueltatuko gara etxera.
Niretzat, egutegiko azken lasterketa bukatu eta berehala, etxera joateko eta familiarekin egoteko irrika eta gogoa ikaragarri handiak dira. Urteko 120 bat egun etxetik kanpo pasatzen ditudanez, Xabat eta Aimar semei eta nire emazteari, beraiekin jolas egin edo lasai egoteko ordu pila lapurtu dizkiet, gehiago entrenatu, atseden hartu ala masajera joan ahal izateko. Oso gutxitan egin ditzakegu familia arrunt batek egin ditzakeen gauza sinpleenak, hondartzara ala mendira joan, futbolean jolastu, ala igande batean norabait egun pasa joan.
Hala ere, eta denbora hori guztia lapurtzeak kontzientzia apur bat jaten didan arren, gehien atsegin dudana da neure bandido txikiei beste gauza bat lapurtzea... Ez dira beraien panpinak, ezta beraien auto ala ipuinak ere. Gehien atsegin dudana da muxu bat bakoitzari lapurtzea. Muxu lapurraren ipuina ez dakizuenok, bere seme-alabekin ikaragarri gozatzen duen aita batena da. Baina tarteka, lanetik oso berandu iristen da etxera.
Aita etxera iristean, seme-alabak beti lo harrapatzen dituenean, muxu lapur onenen modura, aitak ez du lotarako bidea hartzen haurren gelara sartu, eta bakoitzari muxu bana lapurtu gabe. Muxu lapurra, aita, ama, ala biak izan daitezke. Gure etxean, muxu lapurraren papera duena Aimar Txikiak esan duenez "aittatto Markel" da. Ba gaur, Etxe Zuriko muxu lapurra neu naizenez, nire bihotza lapurtu didaten Xabat eta Aimarren gelara sartuko naiz, Madriletik buelta etxera iristean. Nire helburua ezta beraiek esnatzea, ezta inongo enbarazurik egitea ere, muxu lapurrak lo daudela gehien estimatzen duena kentzea du helburu, muxu bana... Besterik gabe, besarkada bero bat, berriz ere GARAko zutabe hauek idaztera bueltatzen naizenerako, Xabati eta Aimarri ez ezik, Unairi ere muxuak lapurtuko dizkiot, beraz, familiaz gozatu ahal izateko, hurrengo urtera arte uzten zaituztet.
Ondo izan eta agur eta erdi.