GARA > Idatzia > Kultura

Tokian tokiko artistak eta historia uztartuko ditu Agerre Teatrok

Agerre Teatro konpainiak Kixoteri buruzko bere laugarren eta azken lana, «Zu ere On Kixote?», eskainiko du udazkenean. Abendura arte iraungo duen biran, emanaldiak izango dituzten herri bakoitzeko komunitate artistikoa eta historia ardatz izango ditu gidoiak.

p047_f01.jpg

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Agerre Teatroak «Zu ere On Kixote?» lana eskainiko du datorren udazkenean, «Teatro, trikitixa eta herria» azpitituluarekin. Konpainiak Kixoteri buruz eskaintzen duen laugarren eta azken lana izango da, eta urritik abendura bitartean izango da ikusgai hamar herritan. Besteak beste, Elorrion, Amurrion, Uharten, Olaztin, Zaldibian eta Hernanin egingo dituzte agerraldiak. Agerrerekin batera, Imuntzo eta Beloki trikitilariak ere arituko dira taula gainean.

Maite Agirre Agerre konpainiako zuzendariak argitu duenez, lan berri honetarako, tokian tokiko aktore, musikari eta dantzarien kolaborazioarekin egingo dituzte antzezpenak: «Herri bakoitzeko elkarte artistikoekin jarriko gara kontaktuan ze errepertorio duten jakin eta ados jartzeko». Artista plastikoekin ere elkarlanean aritzeko aukera dagoela gaineratu du Agirrek.

Orobat, gidoiak eskualde bakoitzaren historiaren zertzeladak bilduko ditu: «Bertakoari egingo zaio erreferentzia, eta jendeak nabaritu egingo du», azaldu du Agirrek.

Horrek guztiak lan handirik ez duela ekarriko nabarmendu du zuzendariak, gidoia argia eta zehatza izango baita: «Grabatuta izango dugu gure proposamena eta erakutsiko diegu ze unetan sartu beharko duten». Oraingoz, atzerrian eta joan den udaberrian Gallartan (Bizkaia) estreinakoz egindako gisa honetako esperientzia da. «Gure asmoa antzerkiaren bidez esperientzia bat probatzea izango da, publikoarekiko harreman hori garai batean gertatzen zen bezala, izugarrizko konplizitatearekin, izan dadin».

Uztail osoa Argentinan eman eta gero ekingo dio Agerre Teatrok antzezpen birari. Santa Fe eta Entre Rios probintzietan izan da Haurrentzako X. Nazioarteko Antzerki Topaketetan bertako aktoreen eta musikarien lankidetzarekin «¿Es usted, también, Don Quijote?» lanaren bertsioa plazaratuz, non On Kixote garaikidea bizikletan doan Dultzinearen amets goxoaren atzetik.

Bestalde, udazkeneko emanaldiokin, Agerre Teatrok behin betiko amaiera emango dio Cervantesen lana ardatz izan duen etapari. Hamar emanaldiotako bakoitza esperientzia bakarra izango den horietan aipatzekoa da abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Donostian egitekoa dena.

Emanaldiak Albaloa Itsas Kultura eta Ondarearen Elkartearen lankidetza izango du. Emanaldi horretako partaideak kaian porturatuko dira, eta kalejiran Trinitate plazara iritsiko dira, eta bertan antzeztuko dute lana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo