HERRI KIROLAK Zazpi Herrialdeetakoa
Bizkaiak mendean hartu ditu bi herrialde nagusiak
Nafarroa eta Gipuzkoa ziren irabazteko faboritoak, baina bigarren eta hirugarren amaitu zuten.
Jon LEUNDA
Bizkaiak irabazi zuen herenegun Zazpi Herrialdeetako Txapelketa. Nafarroa eta Gipuzkoa agertzen ziren faboritoen artean, baina etxekoek ez zuten hutsik egin, eta ongi merezitako garaipena erdietsi zuten. Ezustea ematear egon zen beste selekzioa Lapurdikoa izan zen, ia podiumean sartu baitzen, baina Gipuzkoak aurre hartu zion, beraien ametsa zapuztuz.
Oso ongi hasi zen Nafarroa, lokotx-biltzen Fernando Etxegaraik eman baitzion lehen garaipena. Beste faboritoak, Gipuzkoak, ongi erantzun zion, Juanjo Agirregabiriak lortu baitzuen txingetako garaipena.
Ondorengo proban agertu zen Bizkaia, eta hiru jarraian eskuratu zituen, txapela lortzeko bere hautagaitza aurkeztuz. Jon Lapazaranek lasto-altxatzen irabazi zuen, eta bere anaia Joxek, ingudearekin. Orga jokoarekin Perezek lortu zuen garaipena, aurreikuspenak apurtuz.
Harri-jasotzen Aimar Irigoienek Gipuzkoari eman zion bere bigarren garaipena, eta ondoren sokatiran Ezpeletako Ñapurrak taldeak Lapurdiri bere lehenengoa eta bakarra eman zion.
Trontzan ez zen inongo ezusterik egon, eta pasa den larunbatean Donostian Euskal Herriko txapela jantzi zuten Barberena anaiek, berriro ere beste guztien gainetik daudela argi eta garbi utzi zuten.
Azkeneko ezustea aizkoran eman zen, Aitzol Atutxak irabazi baitzuen proba, Joxemari Olasagasti eta Lopez mendean hartuta. Bizkaitarra sasoiko dago, eta hori ederki erakutsi zuen. Zaku-lasterketan, berriz, Martin, Santamaria eta Aizkorbe nafarrak izan ziren onenak.
Amaieran, garaipena Bizkaiarentzat, eta Nafarroak lortu zuen bigarren postua. Lehen postutik lau puntura geratu ziren, eta podiumeko bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Gipuzkoak podiuma osatu zuen, baina beraiengandik dezentez gehiago espero zen. Emaitzak ez ziren aurrez iragar zitezkeen bezalakoak izan. Txapela lortzeagatik Bizkaiak ezuste pozgarria eman baldin bazuen, baita Lapurdik ere. Azken urte hauetan gora eta gora egiten ari direla ikusten ari gara behin eta berriz, eta podiumean sartzetik oso gertu geratu zen. Lana ongi egiten ari dira, eta hori erakusten ere bai.
Etortzen direnean lan ona egiten dute, baina taldea osatzeko arazo asko izaten dituzte, eta aurtengoan ere Zuberoak ezin izan zuen aurkeztu, eta haren faltan sei herrialde bakarri neurtu ziren. Hurrengo urtean ateratzen saiatuko omen dira.
Arabak eta Nafarroa Behereak ere ezin izan zituzten kirol guztietan kirolariak aurkeztu, eta hori horrela izanda normala den moduan, sailkapeneko azkeneko bi postuetan amaitu zuten. Hauetan ere jendea falta da herri kirolak egiteko.