TXINGAK
Agirregabiriak aurreikuspen guztiak bete eta Euskal Herriko txapela lortu du
J.L.
Juanjo Agirregabiriak aise irabazi zuen atzo Leitzan Euskal Herriko txapela. Debako kirolaria jaun eta jabe da kirol honetan, atzo ere argi ikusi zen hori.
Kirolari bakoitzak 50 kilo esku bakoitzean hartu, eta ahalik eta plazarik gehien egitea zen helburua, eta gipuzkoarrak 24 plaza egin zituen.
Hori apurtzea ia ezinezkoa zen, baina lan bikaina egin zuen Ousmane Drame afrikarrak, bigarren postua eskuratu baitzuen Bizkaian bizi den kirolari honek, 15 plaza egin eta gero. Bizkaitar batentzat izan zen hirugarren postua ere, hortxe amaitu baitzuen Perezek, 14 plaza eginda, eta podiumera igo ahal izan zen. Beraz, txapelak lehen zegoen lekuan jarraituko du, eta Agirregabiriak denboraldi bikaina osatu du. Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapeldun, eta Zazpi Herrialdeetako Txapelketan ere bera izan zen nagusi.
Aizkora
Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioak ere jokatu dira azkeneko egun hauetan, eta Unai Otaño jadanik finala jokatzeko txartela lortuta dago. Ugaitz Mugertza mendean hartu zuen, eta horrekin helburua bete zuen, nahiz eta herenegun Floren Nazabalekin galdu egin zuen.
Ibarrako aizkolariak irabazi egin zion Mugertza II.ari Ordizian. Unaik bi minutu pasa kendu zizkion Mutrikukoari, baina azkeneko probara bitarte ez zegoen ezer erabakita. Lan erdietan, Mugertzak 27 segundoko tartea ateratzen zion Otañori.
Amaieran, ordea, faboritoak horri buelta eman zion, eta garaipena lortu zuen finalerako txartela lortuz. Lan guztiak burutzeko, 21 minutu eta 11 segundo behar izan zituen Otañok. 23 minutu eta 14 segundo, berriz, Ugaitz Mugertza mutrikuarrak.
Floren Nazabalek, berriz, ongi irabazi zion Otañori. Etxarriko txapeldunak proba guztiak bereganatu zituen, eta lan guztiak 24 minutuan amaitu zituen eta ia finalean dago. 26.31 izan zen Otañoren denbora.