josu jimenez maia | Idazlea
Bonbarena
Udako goiz bat Nafarroa Garaian; nissan berde zikin batean guardia zibil bikotea hurbildu da kanpin-dendatan esnatu berri dauden gazte batzuengana. Guardia zibilak bikote dira, izatezko bikote izan gabe ere, horra paradoxa... Baina noan goiz horretan gertatutakoa kontatzeari. Kanpin-dendetako gazteak gosaltzen ari ziren; nahikoa arrazoi, antza, guardia zibil horien bisita jasotzeko. Gazteetako bat, neska gazte bat, polit askoa, gogoz gosaltzen ari zen guardia zibilen begiradei soraio. Guardietako batek galdera egin dio, jatorria non duen duda ez izateko moduko doinuarekin: «Niña, ¿qué ehtá comiendo?», «Una bomba.», «¡¿Una qué!?», «¡Una bomba!»
Guardia Zibilaren aurpegiak agerian utzi du ez dakiela hemen kremaz betetako pastel azukredun horri deitzen zaiola izen lehergarri horrekin. Aho bete kremaz eman dio erantzuna neskak, krema-zipriztin bat jaurtikitzen zuelarik; krema zati ausart bat, parabola perfektu bat eginda, ia-ia itsatsi zaio guardia zibilaren uniforme berdeari, domina goxo baten modura. Guardia bonbarena ulertu ez izanaren aurpegiarekin itzuli da nissan berde zikinera; argi zegoen niña gazte horrek ez diola konplimenduzko agur ñimiñoena ere emanen. Are argiago, gurdia zibil horrek jakin izan balu neska eder hori ezker abertzaleko zinegotzia dela.
Guardia zibilak joandakoan, gazteak barrez lehertu dira eta bonba ia-ia kontrako eztarritik joan zaio zinegotziari; udako goiz hori osorik eman dute norgehiagoka, guardia zibilen txiste-lehiaketa amaigabean.