GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Ihintz-tantak

Espainiaren iparraldeko supergobernadorea gizon langilea da. Haren lana ez da gaitzegia, eta gainera bere izaera obsesiboak asko laguntzen dio atari-txakur ona egiteko. Ez du pentsatu behar, gustuko ez duen zerbait -normalean askatasunen bat- sumatzen duenean, zaunka egin baino ez: «¡debekatu!». Azkenaldion, maiz agertu izan da hedabideetan, agerpenen bat, berdin dio politiko, sozial edo kulturala den, galarazteko eskatuz. Eta elkarrizketatzen dutenean, debekua eta zigortu beharra izaten ditu hizpide. Azken agerpenean, alde guztietara zabaldu ditu bere mehatxuak, «Barrura begiratzeko leihoak» filmaren arduradunei, Donostiako alkateari... azken horri, astelehenean filma eman zuten aretoa alokatzeagatik. Sarreran freskagarriak saltzen ziharduen mutilak ere kontuz ibili beharko luke.

Ez du, ez, asko pentsatu behar, are gutxiago, edozer, sortze edo adierazpen askatasuna trenkatzea barne, justifikatzen duen lege-komodina eskura duela. Izan ere, horren arabera, mundu ikuskera eta kontaketa jakin batzuekin bat ez datorren edozein adierazpen biktimak umiliatzea da. Ez dizu esango berak bezala pentsatu behar duzula derrigor, baina berak agindu bezala jokatzen ez baduzu, biktimak irainduko dituzu. Nahi duten moduan mozorrotuko dute, Madrilen zein Gasteizen, baina hori faxismoa da. Eta jokaera baldar hori urrunegi eraman dute dagoeneko: zenbait kasutan bizirik egotea ere biktimak umiliatzea da, eta Iosu Uribetxebarriarena zentzu horretan ezinezkoa zirudienaren adibide izan da.

Lagun batek esan zidan «Barrura begiratzeko leihoak» dokumentala oso ona dela. Nik ez dut ikusi, baina sinistu egin nion. Eta lan eskasa balitz ere, Zinemaldian parte hartu beharko luke. Zer dira horrelako zinema-jaialdiak, glamour erakusketa hutsa? Ala, besteak beste, edo batik bat, sortze askatasuna bultzatu eta babestu beharko lukete? Presio politikoa egonda zein hura gabe, film horrek zinemaldian parte hartu beharko luke, areago jasan zuen eta jasaten segitzen duen erasoa dela-eta. Ezinbestekoa iruditzen zitzaidan -eta zait- Zinemaldiak horrelako keinu bat egitea, filmari ez ezik, sortze lanari ere. Zentsuraren aurkako keinua. Ez al zuten horrelakorik kontuan izan? Nahiago nuke Zinemaldiak izar handi gutxiago baina ihintz-tantak ere izango balitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo