GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Arantza Santesteban | Historialaria

Banderen zentzua

Akaso, indiferentzia aurpegiz begiratzen zuen. Egunero bezala, biolina bizkarrean hartuta, metrora abiatzen zen, musika nota batzuen truke sos batzuk irabaztera.

Bartzelonan bizi naizelarik eta irailaren 11 igaro berri den honetan, Diadaren inguruan idaztea izango litzateke informazioaren ohiko arauek eskatu ohi dutena. Halaxe egin dute Kataluniako hedabide eta iritzi emaile gehienek egunotan, azkenaldian askoren ahotan dagoen independentziaren inguruko eztabaida izan delarik informazio guztiaren katalizadorea. Egutegiak, denbora neurtzeko erabiltzen dugun erreferentzia nagusia izateaz gain, badu egun zehatz hauetan dinamika politiko eta sozialak iraultzeko ahalmen akzidentala.

Aurtengo Diada, mobilizazio egun kolosala izan zen, inoiz izan den jendetsuena, komunikabide batzuen arabera. Bartzelonako zentroa erabat kolapsatuta egon zen. Milaka, akaso milioika, pertsona atera zen kalera nortasun katalanaren erakuslea den sinbologiaz atonduta. Pertsona adinako bandera kopurua, «independentzia!» aldarria lau haizeetara, umeen aurpegietan senyera margoz pintatua, eta sigla asko, norbera berea sentitzen zuen pankartaren atzean zintzo paratuta. Kataluniakoa, independentismo transbertsala dela entzun dugu berriz ere. Eta herenegun, independentismo masiboa izan zela esan liteke.

Espejismo moduko bat. Horixe otu zitzaidan milaka bandera horien artean galdu egin nintzenean. Ez atzera, ez aurrera, ezin aurreratuz nenbilelarik, ez zitzaidan gailendu sentimendu berezirik: ez harrotasun gehiegirik, ez enpatia sakonegirik, ezta emozio handiegirik ere. «La Vanguardia»-k eta CIU-k, parez pare, egin duten kanpaina etorri zitzaidan gogora, jende uholde hori, masa mugiarazi eta akordio ekonomikoaren aldeko jarrera masibo bilakatzeko egin duten kanpainaren erakusle ez ote zen pentsatuz. Bandera askoko Diada izan da honokoa, edukiari dagokionez ordea, intentsitate baxukoa, betiere, salbuespenak salbuespen.

Irailaren 11 honetan, ohikoa dudan moduan, Raval auzoko logela batean esnatu nintzen. Antzinako auzo txinatarra da Raval, egun, operazio urbanistikoek zeharo baldintzatu duten auzoa, hain zuzen ere. Indarkeriaz baztertu dituzte auzokide asko lehen bizi ziren etxebizitzak erauzi eta luxuzko eraikinak egiteko. Hauetako batzuk, esnatu nintzeneko logela dagoen kale berean bizi dira. Baldintza prekarioetan, zinez gogorretan, euren bizi proiektua egunero bertan, hala edo nola, garatzen duten arren.

Portaletik atera nintzen egun seinalatu honetan, bandera batzuk gure aurretik pasatzen ziren bitartean. Eta begirada ondoan bizi den errumaniarrarengana joan zitzaidan ezinbestean. Ez dut esango harridura aurpegiz begiratzen zuenik, Bartzelonan, sinbologia abertzalea ikustea ez baita horren ezohiko gauza. Akaso, indiferentzia aurpegiz begiratzen zuen. Egunero bezala, biolina bizkarrean hartuta, metrora abiatzen zen, musika nota batzuen truke sos batzuk irabaztera. Eta orduan otu zitzaidan, nahiko nukeela atzoko bandera guztiak eta aldarri masiboak, burgesia kapitalistarekin harreman berriak lortzeko baino, esplotaziorik gabeko egitura politiko eta sozial berriak aldarrika- tzeko indarra izan balira. Orduan sentituko nuke, bandera horiek guztiek badutela zentzu loriatsuren bat. Eta zeharo hunkituko nintzateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo