GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO | Idazlea

Medikuak

 

Ez dakigu bizitzaren jatorria zein den. Paradoxa horren misterioan zangotrabatuta bizi gara: bizitza da daukagun gauza bakarra, zinez segurua den bakarra, eta, hala ere, hura nondik datorkigun behin eta berriz ukatzen zaigun jakintza da. Baina bada bizitzaren miraritik gertu dagoen zientzia bat, medikuntzarena hain zuzen, zeinak gaixotasunaren eta heriotzaren patu ankerrari ihes egiteko balio izan dion humanitateari. Geure existentziaren misterioa desafiatu du medikuntzak behin eta berriz; zenbatetan ez ote dio gizakiak medikuntzaren jakintzari esker heriotzari azken unean ihes egin? Zaila da gizakiari bizitza emateko zientzia ikasia duen norbait, hain zuzen kontrakoa egiteko posturan imajinatzea. Esate baterako bere despatxoan, ordenagailu aurrean, dakien zientzia guztia hankaz gora jartzen, gizaki bat garbitzeko eginahalean. Mendez mende gizakitik gizakira igarotako tradizioa, gizakia gaixotasunaren eta heriotzaren angustiatik libratzeko sortua dena, heriotzaren zerbitzura jartzea: zer perbertsio mota da hori? Nekez irudika liteke inpostura handiagorik. Medikuak ez baitu aginterik ezagutzen, bere zientziarena ez dena: gorputz bat dauka begien aurrean, nortasunik gabea, iraganik gabea kasik, eta hura sendatzea da bere xede bakarra. Ezin esango dugu, ordea, Iosu Uribetxebarria askatzeko ukoa zuritu duen Carmen Baena forentsea printzipio hauei begira bizi denik. Noiz hautsi zuen emakume horrek bizitzaren balio sakratuarekiko konpromisoa? Ez dakigu. Baina badakigu, mundu guztiak ikusi baitu, bizitzarekiko konpromisoa eta politikarien premia ankerrak biak ate joka etorri zaizkionean, berak boterearen alde egin duela, boterearen gose hiltzailearen alde alegia. Medikua izatea ez da jakintza soila, jarrera etiko bat ere bada. Zeren eta sendatzen badakienak, erailtzen jakin dezake.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo