GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Gotzon Barandiaran Arteaga Idazlea

Gure minari

Iosurekiko sortutako herritarren enpatiak mendekua, gorrotoa, krudelkeria, odol-gosea, heriotza-nahia ere sentiarazten duela irakurtzen genuen hainbat egunkaritan

Zerk mintzen gaituen, zer zaigun inolaz ere onartezin, zerk sutzen gaituen, nor ezin dugun parean ikusi, zergatik itzaltzen ditugun irrati telebistak urlia entzun zein begien bistan izateak odola irakinarazten digulako, zergatik higuintzen gaituen egunen batean horrenbesteko nahigabea eragin digunagaz herriko kaleetan gurutzatuko garela pentsatzeak, zergatik gaitzesten dugun bestela onargarri litzaigu- keena etsaitzat dugunaren ahotik entzute hutsagatik.

Gatazka politikoa bizi dudanetik aldean daroatzadan galderok gogor erasan naute udaon. Iosu Uribetxebarriaren berehalako askatasuna galdegiteko, Herriraren deiari erantzunez, hogeita hamabost bat lagun ginen gose greban Donostia ospitalean, txandaka, batzuk hiru egunez, bestetzuk hamabostetik gora, egunero egunero hurreratzen ziren herritar mordoa lagun, goizeko 10.00etatik gaueko 22.00etara. Azkurea, egonezina, amorrua, zerbait egin beharra, elkartasuna, antzeko egoeran dauden senideekiko maitasun mugabakoa, herritar gisa gatazkaren konponbidean protagonista izateko erantzukizuna, Euskal Herriak bizi duen une historiko honetan gure ekarpen xumea eskaintzeko beharra, librea izan nahi duen komunitate batekiko lotura afektiboa, maitasuna. Horiek eta gosegrebalari bakoitzak bere zituen sentimenduak. Berandu orduko ezbairik gabe hil egingo den Iosurekiko sortutako herritarren enpatiak mendekua, gorrotoa, krudelkeria, odolgosea, heriotzanahia ere sentiarazten duela irakurtzen genuen hainbat egunkaritan. Batzuontzat justizia dena, haientzat mendekua, batzuontzat duintasuna dena, haientzat iraina.

Aldean daroatzadan galderok burujoka, bihotz arranaka. Nire maitasunak mina ematen dizu? Nire maitasuna da gorrotoa sentiarazten dizuna? Zoriona ukatuko didazu zoritxarrekoa zarelako? Zergatik iraintzen zaitu kartzelan dudan alaba etxean beste ezer baino gehiago desiratzeak? Badakit, bikotea erail zizuten, ez zaizu egundo etxera itzuliko. Zure mina ulertzeko gai naizela uste dut. Ez sentitzeko, min hori zeurea baita, zeure etxekoena, hil zizuten hura maite zenutenona. Zure mina ez da nirea, nirea ez denez zurea. Zure minak ez nau iraintzen, ez nuke jazarriko, ez nuke ostenduaraziko, ez nuke espetxeratuko, ez dit gorrotorik sortzen. Zure malkoak sinesgarriak zaizkit, zure inpotentzia ezagun dut. Urteetan eman didate zure minaren berri. Urteetan irakurri, ikusi, entzun dut. Uhinek ekarri didate, paper beteek, irudi aukeratuek, zure minetik bizi izan diren politikari profesional zein kazetari polizialek. Ausartuko natzaizu, zure mina ez zait arrotza, zurea den min horri besarkada edota barkamenen beharrik ez duen begirunea diot. Iosuren aurrez iragarritako heriotzaren aurkako herritarron atzarriak aldeko galderon erantzuna izan daitezkeen lehen berbak papereratzen lagundu didate, «Barrura begiratzeko leihoak» ikusi ostean errenkadan datozkit. Mikel Antzak Eneko Olasagastiri diotso auzokoen artean urteetan autoelikatuko saminak, gorrotoak, ezinikusiak gaindituta bizitzen ikasi beharko dugula. Gotzone Lopez de Luzuriagaren amak 169 zintetan grabatu zituen alabak kartzeletatik 13 urtean egindako deiak, alaba etxean izan gabe hil aurretik. Eñautek 40 minutuz besarkatu zuen aita espetxetik atera zuten egunean. Ulertuko ez duzun jakitun idatzi dizkizut hitzok, bihotzeko berba hauek minduko zintuzketela aurreikusita.

Baina kontatzen ahazten bazait, galdua naiz, -nire etsaiak nire lagunak- hor dago nire indarra horretan da nire izatea bera esan dezadan aritmetika humano bat galdatzen dut...nor dago bere sasoian eroso? kontatzen ahazten bazait nireak egin du c'est fini.

Akabo, kontatzen ahazten bazait bat bi hiru...kontatzen ahazten bazait kito ni ere ez nago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo