GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Expogrow Ficoban

Animazioz beterik hasi da kalamuaren azoka handia

Marihuana landarearekin lotutako berrehun enpresa eta erakusle Irungo Ficoban bilduta daude igandera arte, hurbiltzen diren guztien galdera eta eskaerak erantzuteko prest. Hazi eta landatzeko modu desberdinak, biltzeko paper naturalak, lainoztagailuak... Denetarik dago Expogrow azokan, animazioz hornituta gainera. Foro ireki bat ere egiten ari dira, eztabaidatu eta normalizazio bideetan sakontzeko.

p015_f01.jpg

Maider IANTZI

Gaueko Marearen kontzerturako soinu probak egiten ari ziren erakustazokaren kanpoaldean eta pixkanaka-pixkanaka lagun ugari hurbiltzen ari zen. 11.00ak ziren, Expogrow azokaren irekiera ordua, eta atarian maria usaina sumatzen zen jada.

Goian, lehendabiziko solairuan, Cannabisaren Nazioarteko lehendabiziko Foro Soziala hasi zen. Juan Muñoz Zuzenbide Penaleko katedradunak Cannabis Erabiltzaileen Euskal Federazioak eskatuta berriki egin duen txostena aurkeztu zuen.

Irizpen honek badu aurrekari bat, 1999an Andaluziako Juntak eskatuta egin zuen txostena. Bi ekimen zituen ardatz: kalamuaren erabilera terapeutikoa eta Juntak landare hau eskuratzeko eta kontsumitzeko zentro bat sortzeko aukera. «Ondorioztatu genuenez, baldintza batzuen barruan, ez legoke horretarako lege oztoporik». Oraingo txostenean bertze pauso bat eman dute, jurisprudentziaren interpretazio sakonago bat eginez. Bi gako aipatu zituen: «Droga trafikoa arrisku delitutzat hartzen dugu, eta ekarpen berri bat egin dugu, kontzeptu berri bat sortuz legez kanpoko kontsumoa zer den azaltzeko».

Foroak aitzinera egin bitartean, postuetan jendea ugarituz eta giroa handituz ari zen. Giro horretan lagunduz, Irungo Marea Verde dendak barra bat jarria zuen haziak eta landare honen landaketarekin zerikusia duen guztia erakutsi bitartean, lagunartean garagardo batzuk hartzeko. Horretan ari zen Victor, berarekin standa partekatzen zuten Malagako Casa Babyloneko Matias eta Oliverrekin. Hauek kalamuarekin eskuz egindako garagardoa eskaintzen zuten, ongarri kimikorik gabea, ereindako esentziaz hornitua. «Kalamuarekin lotutako guztia gorantz ari da», erran zuten.

Bertze postu batean lainoztagailuak eskaintzen zituzten, edozein landare lurruntzeko tresnak. Hemen ere ez dago kimikarik, esentzia hutsa da. Italiatik etorritako Rosanak azaldu zuenez, landarearen zaporea eta gai aktiboa ateratzen dira. «Hiesa, minbizia edo glaukoma kasuetan terapia moduan erabiltzen dira anitz, substantzia aktiboa arnasteko modurik osasungarriena delako. Orain 70-80 euro balio dute dendan; lehen, 400».

Castellotik oporretara

Azoka animatzen zebiltzan hankaluzeen artean, Castelloko gazte kuadrilla batekin egin genuen topo. Euskal Herrian zeuden oporretan, eta justu azken egunean, landatzeko modu berrien bila eta Marearen kontzertuaz gozatzera etorriak ziren. Urnietako lagun talde bat ere gustura zebilen postu artean, poltsak gauzez beteta, erosiak baino gehiago oparituak.

Granadako Kannabiaren standean, hazi bat erosten zuenak erruletari eragin eta opari bat eskuratu zezakeen. Teknikariak, Patok, erran zigunez, beti saiatzen dira berritzen eta alde horretatik Ficobako azoka hau aproposa da. Ondoan jarritako scalextric erraldoiari begiratzea bertzerik ez zegoen. Landatzaileek dituzten trabez ere mintzatu zitzaigun Pato, eta aitortu zigun polizia baino lapurrak direla beren arazoa. «Legez kanpokoa denez, badakite ezin garela poliziarengana joan salatzera». «Hutsune legal» horrek min egiten diela azaldu zuen, eta marihuana legezkoa balitz ez lukeela halako arrakastarik izanen ohartarazi.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo