Julen MURGOITIO
Tarrat handik eta hemendik
Ikasturtea hasi berria dela eta nork bere bizkar-zorroa bete eta hara! bizkarrera!. Batzuek beren bizkarrera, beste batzuek beren-berengi horretarako azpikontratatutako beste batzuenera. Halaxe jarri zuten Jaunaren legea; bata aginte, agindua bestea. Eta joan badoaz, urlia eta sandia eskolara, berendia legebiltzarrera; batzuk zuzen, beste batzuk sigi-saga. Tira, larregi erabiltzen dugu ikasle hitza horrelakoetan, ez baita gauza bera, inondik izan ez, estudiatzea eta ikastea. Begira, bestela, elite politikoan dirauten buru askoren curriculuma. Krisiak krisi hamaika ikusteko gara. Ekonomikoa dela eta batzuek kurtsoa errepikatzea erabakiko bide zuten, iazko liburuak berak erabiltzen segitzeko, laguntza barik berrietan inbertitu gabe. Honetan behintzat Gipuzkoako Debaldeko estudianteek abantaila ederra dute, ezin ukatu; ez, ez nago esaten Aldundiko Bilduren eraginez denik hori. Portzierto, formazio politiko horren asmotik estudianteak atez ate hartu beharko lirateke, eskolara bidean. Oposizioko formazioen asmotik, ostera, estudianteak izkinako edukiontzira sartu eta autobusak handikxe hartu beharko lituzke, eskolara bidean autobuseko tenperatura goi-goian jarrita.
Tira, harira!. Gaurko geografia liburuek etorkizun gutxiago dute, eskolako material modura, Pasaiako kanpo-portuak baino. Mapa politikoa erabat aldatuko da epe motzean, gehiago iraun dezakeena Bilboko mapa mundia da. Izan ere, orain arte Estatu, edo, izan duten zezenaren larrua tarrat egiteko zorian dago. Tarrat hemendik eta tarrat handik. Kosta galduko du larruak Mediterraneoan eta Kantaurian. Gaitz erdi! Perexila uhartea luze mantenduko baitu hegoaldeko itsasartean. Kafea denontzat gora eta behera eta hara! azukre-kozkorraz konturatu ez!. Eta azkenean disolbatu egin zaie itsaso haietako uretan, euren gutun sakratuak disolbaezina hartu arren. Baina ez pentsa, ni ere dardarka nabil; jelkideek 607 ekimen eta 171 konpromiso, aldiberean gainera, aurkeztu berri dituztela jakitean hasi naiz dardar batean. Kabituko ote dira horiek guztiak nire etxeko postontzian? Ze kapaz dira horiek atez ate banatzeko!. Ama, ama! Krisiarenak egin du honezkero!. Bankariak ere dardaraz, pagotxa-aldia amaitu eta tunelaren hasiera ikusten hasiak direla...