Siriako gatazkak mundu osoa mehatxatzen du, Brahimiren arabera
Siriako gatazkak Ekialde Hurbila eta mundu osoa mehatxatzen ditu, NBEko ordezkariaren arabera, eta egoera bere onera ekartzeko bera Kofi Annanen lanean oinarrituko da. Bashar al-Assad presidenteak dio gakoa «terroristei» laguntzen dieten herrialdeei presio egitea dela.GARA |
Lakhdar Brahimi NBEko Siriarako ordezkariak atzo Damasko hiriburuan adierazi zuenez, herrialde horretako gatazkak ez luke inor lasai utzi behar, Ekialde Hurbileko eta mundu osoko egonkortasuna ere kinkan ipintzen dituelako.
Bashar al-Assad presidentearekin hitz egin ondoren egin zituen adierazpen horiek NBEko ordezkariak. Brahimik erantsi zuen presidenteak ezagutzen dituela, «neronek baino hobeto», egungo egoerak dituen arriskuak. Assaden arabera, konponbidea aurkitzeko ahaleginek arrakasta izan dezaten ezinbestekoa da bere erregimenaren aurkako indarrei laguntza ematen dieten herrialdeek egungo jarrera aldatzea. Horiei presio egin behar zaie, siriar agintariaren iritziz.
Kofi Annanek eginkizun hori utzi ondoren hartu du bere gain bitartekaritza lana Lakhdar Brahimi aljeriarrak. Kargua hartu ondoren Siria lehen aldiz bisitatzen ari da egunotan eta atzo presidentearekin elkarrizketatu zen. «Krisia larria eta oso arriskutsua da, gero eta larriagoa eta arriskutsuagoa. Oso garrantzitsua da, eta premiazkoa, krisia era egokian aztertzea», esan zuen atzo.
Brahimik Bashar al-Assad presidenteari esan zion siriar herriari laguntzen ahaleginduko dela eta horretarako makina bat ideia mahaiaren gainean ipintzeko prest dagoela. Sana Siriako berri agentziaren arabera, «elkarrizketa nazionala» lortzeko ezinbestekotzat jotzen du presidenteak aurrez lan politikoa egitea. «Guztien nahien inguruko elkarrizketa» lortu nahi luke. Baina Assadek egiten duen irakurketaren arabera, horretarako ezinbestekoa da bere Gobernuaren aurka altxatutako «terroristei» -berak horrela deitzen die- laguntzen dieten herrialdeei presio egitea, beren jarrera alda dezaten.
Bilera horretan esandakoaren arabera, Sanak esplikatu duenez, Brahimik erabateko independentzia izango du bere lana egiteko. Kofi Annanek prestatu zuen bake plana izango da bere ahaleginen oinarria.
Aipatu egitasmoak borrokak amaitzea eskatzen zuen, Gobernuak bere tropak hirietatik ateratzea eta Gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketari hasiera ematea. Hortik aurrera zerbait aldatu edo erantsi nahi bada, alde guztien argi berdea lortu beharko du. «Oraindik ez daukat plan zehatzik; alde guztiekin hitz egin ondoren diseinatuko dugu», argitu zuen.
Gobernuaren aldeko indarrek Damasko hiriburua eta herrialdeko beste hiri batzuk bonbardatu zituzten atzo 20 hildako eraginez, oposiziokoek eskainitako bertsioaren arabera.