GARA > Idatzia > Euskal Herria

Fortius, Iruñea eta Baionako harresiak eraberritu eta promozionatzeko proiektua

2014an abian jarriko den Fortius proiektuak Iruñeko eta Baionako harresiak eraberritu eta bi hirietako ondare historikoa ezagutaraztea du helburu. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatuko du %65ean.
p015_f02.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Fortius proiektuari esker, Baionan Royal bastioia eraberrituko dute, eta Iruñean Magdalenako Fronteak eta Labriteko bastioiek berri itxura hartuko dute. Aldi berean, bi hiri gotortuetako harresien inguruko promozio kultural eta turistikoa garatzea ere du helburu. Bi hirien arteko elkarlana ere garatu nahi dute, elkarrekin produktu turistiko berriak sortuz.

«Gure ondare kultural eta militarra ezagutarazteko egitasmoa da, bai bertako biztanleentzat, bai turistentzat», adierazi zuen Baionako auzapez Jean Grenetek. Iruñeko alkate Enrique Maya Mirandak azaldu zuenez, «hurrengo urteetan gure ondare historikoa zaharberritzen lagunduko digun egitasmoa da, baita aurrerantzean lankidetza honekin segitzen ere».

Egitasmoak 4.790.000 euroko aurrekontua izango du, hortik 3.113.544 euro Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER delakoak) finantzatuak izango dira. Aurrekontu horretatik 875.000 euro Baionak aurreikusi lanetarako bideratuko dira, eta 3.915.000 euro Iruñerako.

Bestalde, badira 50 urte Nafarroako eta Lapurdiko hiriburuak senidetuak daudela eta hori ospatzeko ere baliatu nahi dute. «Gure bi hiriek parekotasun handiak dituzte, eta egitasmo honetatik abiatuta, etorkizunean elkarlana garatzen saiatuko gara», azaldu zuen Grenetek.

Arkitektura militarraren promoziorako Iruñeko hiriak egin dituen ekintzen artean, Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroa aipatu zuen Maya alkateak. Gune hori eredutzat hartuta, Baionak ere zentro bat irekiko duela adierazi zuen Grenetek: «Gaztelu Zaharren ondoan guk ere interpretazio zentro bat irekiko dugu, eta Iruñean egin lanean inspiratuko gara». Bi hiriek harresietako inguruaren promozioa hasi dute udan ekimen kulturalak antolatuz.

Iruñeak bere gotorlekuetan egin duen berreraikuntza lan egokia dela-eta, Europar Batasunak ematen duen Europa Nostra saria irabazi duela ekarri zuen gogora Iruñeko alkateak

Plan berri bat

Fortius proiektuak eramanda Grenetek udalbatzan urte anitzetako plan berri bat aurkeztuko duela eman zuen jakitera atzoko agerraldian. Plan horrek hamar edo hamabost urtean behin harresien eraberritzea izango luke helburu. «Horrela, Iruñeak bezala, guk ere Europan hoberen kontserbatuak dauden harresiak izateko», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo