Prozedura makur beraren ondorengo epaiketak
Abokatutzan hogeita zazpi urtez jardun ondoren, Iñaki Goioaga akusatuen aulkian eseri zen atzo Gorka Garcia Sertutxa presoarekin eta Ana Paz senidearekin batera. Garciak Huelvako espetxetik ihes egiteko plana prestatzea egotzi diete; horren frogarik bat ere gabe, ordea, atxilotutakoan akusatuek bakartze egoeran egindako adierazpenak izan ezik, atxilotuek torturak salatu zituzten arren. Maiz, maizegi errepikatzen den prozedura da, euskal herritar asko espetxera eraman dituena. Kriminalizazioa ez baita taktika berria, eta oraindik ez da amaitu. Edozein garaitan bidegabea bada ere, Estatu espainolak Euskal Herrian ezer aldatu ez balitz bezala jarraitzen du euskal presoen aurkako era guztietako erasoei eutsita, edo batzuek gatazka konpontzeko hainbat pauso eman dituztelako, hain zuzen. Alegia, horrelako epaiketak abiatutako prozesua oztopatzeko tresna gisa erabiltzeko ahaleginaren erakusgarri dira. Atzo abokatu bat, preso bat eta senide bat; baina gaur hamar gazte hernaniar epaituko dituzte Auzitegi berean, eta ostiralean Lekeitioko beste zazpi, denak ere beren jendaurreko jardun politikoagatik eta prozedura makur beraren menpean: atxiloketa, bakartuta egindako deklarazioa akusazioaren froga nagusi dela, kartzela eta epaiketa, hainbat urteko zigorra jasotzeko arriskuan. Bada garaia epaiketa politikoak bukatzeko, batez ere, inoiz hasi behar izan ez zutelako.