Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
«Naqqâli»
Naqqâli antzerki modu bat da, non aktore bakarrak hamaika rol egin dezakeen, berdin zaldiarena edo herensugearena, eszenaratze baterako beharrezko dekoratuen eta osagarrien kezkarik gabe. Baina era berean, naqqâli dominatzeko oso zaila den artea da, eta aski zaila ere ikasteko, honen gainean egindako ikerketak arras eskasak baitira, ia inongoak». Fâtemeh Habibizâd Iraneko lehenengo naqqâl emakumea da, alegia, naqqâli kontakizunak eskaintzen dituena. Ehunka urte duen kontaketa genero hau azkenekotan omen dago adituen hitzetan. Naqqâli-ak kafe etxeetan kontatzen diren kondaira epikoak dira, baina gero eta gutxiago entzuten omen dira kafe etxeetan. «Bizpahiru baino ez dira gelditzen, dagoeneko ghaveh-khânehs-etan ikuskari gehiago eskaintzen ez dituztenak. Hauek hiltzen direnean beraiekin eramango dute gure herrialdearen ahozko kulturaren zati handi bat. Nik pentsatzen dut nire ondoren inork ez duela erreleboa hartuko, eta urte batzuen buruan naqqâli-a erabat desagertuko dela».
Zoritxarrez munduan halako adibide ugari daude. Kontakizunak zuzeneko ahozko transmisiotik, transmisio teknologikora igaro dira. Hedabideek naqqâli berria asmatu dute; naqqâl berrien ahotsa urrutitik heltzen zaigu, kontakizun arrotzak eskainiz, kolore bizietan eta gogoetarako astirik gabe. Ez da kontua antzinako nostalgiaren atzaparretan erortzea, kultur altxorren zaintza baizik. Kontalaritzak ere bere altxorrak zaindu behar ditu. Munduan naqqâl ugari daude euren egunak amaitzen. Kontalariak euren ahotsetan aspaldiko oihartzunak dakartzate. Horiek galtzea mundu zaratatsu, baina isilean galtzea litzateke.